Bilboko Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluak gaur esleitu ditu, 79 milioi euroan, Erdialdeko Kai Muturra eraikitzeko eta Punta Luceroko harrobi zaharra egonkortzeko lehen faseko lanak. Trabajos y Obras (SATO) – Construcciones Adolfo Sobrino, S.A.– Exbasa Obras y Servicios, S.L. – Excavaciones Viuda de Sáinz S.A.(e)k osatutako ABEEa izan da lanen esleipenduna, eta gauzatzeko epea 39 hilabete izango da, guztira. Europako Batzordeak esleipenaren % 20 jarriko du, Connecting Europe Facility (CEF) programaren esparrutik. Gainerakoa Portuko Agintaritzaren funtsen bidez ordaindutako da.
Bi lanak egiteko arrazoiak desberdinak dira, eta modu independentean egin zitezkeen, baina komeni da kontratu bakar batean biltzea, horrek abantaila teknikoak, ingurumenekoak eta finantzarioak baititu. Abantaila horiek dira, besteak beste, kontratista berak egitea lanak, baliabide ekonomikoak optimizatzea, Europako funtsen diru-laguntza barne, eta ingurumen-hobekuntza garrantzitsuak eragitea. Bereziki, inguruko udalerrietan kamioien zirkulazioa minimizatzen da, egonkortze-lanetako harrizko material soberakina ez da beste hondakindegi baimendu batera eramaten, inguruan lehendik dauden harrobietan indusketa gutxiago egiten dira, eta jarduera guztiak egokitzen dira eta denboran koordinatzen, obra bateko soberakinak konpentsa daitezen haiek behar dituzten beste obra batean.
Erdialdeko Kai Muturra, proiektu estrategikoa
Hedapeneko Erdialdeko Kai Muturraren proiektua obra estrategikoa da Bilboko Portuarentzat, zeren hura gauzatuta Kantauriko erreferentzia-portu gisa duen posizioari eutsiko baitio, eta, horren ondorioz, Euskadirentzat aberastasuna eta enplegua sortu ahalko baititu, lehen mailako merkataritza- eta industria-gune gisa.
Gaur egun, Bilboko Portuaren portu-zoruaren okupazioa % 80 da. Hurrengo urteetarako, trafikoa handitzea aurreikusten da, eta portuan lurzoru-eskaera etengabea da. Hori kontuan izanda, aurreikusten da, lurzoru berria sortzen ez bada, 2020an bere gaitasunaren mugara hel daitekeela. Kai berri horren eraikuntzari esker, beraz, aukerak ez dira galduko eta ez dira joango kostu logistikoak murrizteko edo errepidez garraiatu ezin diren produktuak ekoizten dituztelako portu-eremu handietan kokatu behar izaten duten enpresak. Portuko Agintaritzak aurreikusten du, zehazki, eremu hori ezartze mistoetarako eta trafiko berrietarako erabiltzea.
Kai berriari Erdialdeko Kai Muturra esango zaio, kokapenagatik (Zierbenako dikeak eta kontradikeak babestutako gunea). Oso-osorik aprobetxatuko ditu eremu horiek. Aurreikusten da lehen fasea 334.000 m2-ko azalera hartuko dio itsasoari; 1.081 metroko atrakatze-lerroa izango du, eta 21 metroko sakonera. Kaia bukatzen denean, 600.000 m2-ko azalera izango du; haren erdia baino gehiago obra honekin lortuko da.
Harrobi zaharra egonkortzea, segurtasun-arrazoiak
Harrobi zaharra portuaren hedapenak egiteko erabiltzen zen duela hamarkada batzuk. Gaur egun, ezegonkor dago, eta horrek eragiten duen arrisku larriak bultzatu du proiektu hau, pertsonen segurtasuna eta harrobiaren oinarrian dauden ondareak babesteko premia larria baita. Azken urteetan, harrizko blokeak irristatu eta erori diren zenbait kasu puntual gertatu dira, eta, kontuan izanda hango instalazio industrialen izaera —ingurumenerako egoera arriskutsuak eragin ditzakete—, erabaki da harrobia egonkortzeko proiektu bat premiaz gauzatzea meategi-administrazioak ere hala eskatzen baitzuen, gainera.
Zenbait azterketa egin eta gero, ondorioztatu zen harrobi zaharraren egonkortasuna modu teknikoki eraginkor eta iraunkorrean bermatzeko modu bakarra eremua “orraztuz” saneatzea zela, kotarik altuenetik kotarik baxuenera, leherketa kontrolatuen bidez, bi putzu-tunelen bidez eta beste lan laguntzaile batzuen bidez, ezponda eta berma berriak jarriz, materialik ez dela eroriko bermatzeko eta pertsonen gain eta hegalaren inguruan dauden ondasunen gain eragin dezaketen inpaktua txikitzeko.
Jarduera horren helburua da, beraz, eragindako eremua “birrorraztea” saneatzeko eta egonkortzeko, eta horrek berekin dakar harrizko materialen milioi bat m3-ko soberakinak sortzea. Material hori hondakindegira eraman behar da, nahiz eta —arrazoi tekniko, ingurumeneko eta ekonomikoengatik— Erdialdeko Kai Muturreko lanetan erabili. Hori horrela, zehaztu behar da, alde batetik, lan horiek inola ere ez direla harrobi zaharra ustiatzeko edo aprobetxatzeko lanak, baizik eta eremua egonkortzeko eta saneatzeko bakarrik; bestetik, nahitaez gauzatu beharreko lanak direla, portuan edozein obra gauzatzen delarik ere; eta, azkenik, harrobia egonkortzean sortutako harrizko materialen soberakin horiek sortzea material hori gertuko harrobietatik lortzea baino garestiagoa dela; beraz, ez dago inolako arrazoi edo aprobetxamendu ekonomikorik, baizik eta segurtasun-arrazoiak bakarrik.