Portuko Agintaritzak 2023an egindako inbertsioa 18,7 milioi eurokoa izan da. Garrantzitsuenak hauek izan dira: AZ1 kaia luzatzea (4,3 milioi), Kai-mutur Nagusiko betelana (3,15 milioi), N644ko zubi-egitura indartzea Iberdrolaren hargunearen obraren aldean (2,2 milioi), Hiri-Portua harremanak (1,9 milioi) eta hutsaren bidezko Saneamendu-sarea Kanpoko Abran (1,78 milioi euro, 2025era arte inbertituko diren 20etatik).
Aurreikuspenen arabera, 2024rako 77,8 milioi euroko inbertsioa egingo da. Kopuru handia da, besteak beste, kai-mutur nagusiaren bigarren fasea hasten delako, eta 30 hektarea gehiago ekarriko dituelako okupazio maila handiko eta eskari handiko portu batean. Horrela, Kanpoko Abraren aprobetxamendu integrala azken fasean sartuko da. Lanak Aste Santuan lizitatzea espero da, proiektua Ministro Kontseiluaren oniritzia jaso ondoren, 54,4 milioi euroko zenbatekoarekin eta 26 hilabeteko epearekin. Esleipena udan izan liteke eta obren hasiera, urteko azken hiruhilekoan.
Aldi berean, Bilboko Portuko Trantsizio Energetikorako Planaren esparruan, eta isurpenak murrizteko ezarritako helburuak lortzeko asmoz, kaiak elektrifikatzen ari dira, ontziak sare elektrikora konektatu eta beren motorrak itzal ditzaten, eta horrek CO2 emisioak, zaratak eta bibrazioak murriztuko ditu.
BilbOPS proiektuaren lehen fasea, Kai-mutur Nagusiko A-5 kaian ardaztua, abenduan esleitu zen, 4,7 milioi euroko zenbatekoarekin, eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren 4,3 milioi euroko dirulaguntza du.
BilbOPS ekimena 2026an martxan jartzea aurreikusten da, eta 78 milioi euroko inbertsioa izango du; horietatik 14,2 Europako Batzordeak diruz lagunduko ditu, CEF Transport 2021-2027 laguntza-programaren barruan. Proiektuak berekin dakar sortutako energiaren % 20 berriztagarria izatea, 2028an % 50era igotzeko asmoarekin.