Bilboko Portuko 5 zenbakiko ro-ro arrapala, zeinak zerbitzu ematen baitio Finnlines ontzi-konpainiari (Toro y Betolazak kontsignatzen duena), berriro martxan jarri dute, Bilboko Portuko Agintaritzak hobekuntza-lanak egin ostean. Lan horiei esker, 250 tonaraino handitu da arrapalaren ahalmena.
Obrak Astilleros Zamakona enpresai esleitu zaizkio. 500.000 euro inguruko inbertsioa egin behar izan da, eta Europar Batasunaren laguntza dute, Connecting Europe Facility (CEF) programaren bidez. Lan hauek egin dira: batetik, ontziratzeko pasabidearen posizioa aldatu flotatzailearen ardatzarekiko, kaiaren posizio berean jartzeko. Beste alde batetik, gainegiturako maldak leundu dira, ontzitik pasabidera joateko eremuan —10 graduko malda izatetik 5 gradukoa izatera pasatu da—, lurrarekiko altuera txikia duten karga gurpildunak errazago iragaiteko. Azkenik, txapa guztia garbitu eta pintatu da.
Une honetan, Bilboko Portuko Agintaritzak lau ro-ro arrapala ditu aktibo; haietako hiruk 250 tona hartzeko ahalmena
dute, eta batek 100 tona hartzekoa.
Proiektu-eragiketak eta karga bereziak ugaritu egin dira Bilboko Portuan azken urteotan, eta, beraz, arrapalen ahalmena hobetzea lagungarria izango da eragiketa horiek eraginkortasun handiagoarekin egiteko.