Bilboko Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluak 77.355 metro karratu emakidan eman dizkio Haizea Wind enpresari —haren bazkide da Tecnoaranda enpresa—, Bilboko Portuko zabalguneko AZ2 kaian Europako merkatura esportatzeko itsasoko dorre eolikoak eta beste osagai batzuk fabrikatzeko instalazio bat jartzeko. Fabrika berriak 296 lanpostu sortuko ditu. Aurreikusten da lanak 2018ko lehenengo hiruhilekoan hastea.
Lurzatiak lau industria-nabe eta bulego-eraikin bat hartuko ditu; 47.000 metro karratu izango ditu guztira. Instalazioa eraikitzeko eta makineria espezifikoa instalatzeko, jotzen da 55 milioi euro beharko direla.
Portuko Agintaritzak indarrean duen inbertsio-planak ezarpen logistiko baterako partida bat aurreikusten duenez, bera arduratuko da biltegiak eraikitzeaz eta Haizea Wind enpresari utziko dizkio emakidan.
Offshoreko dimentsio handiko 540 dorre-zati fabrikatzeko ahalmena izango du instalazioak. Kontuan izan behar da zatiaren unitatea ez dela beti bera, eta erreferentziako zati gisa ordura arte ezagutzen den dimentsio handienekoa hartzen dela. Baliokidea, lehorreko dorre-zatitan adierazita, 1.200 bat zati izango litzateke. Dorre eoliko horiek aerosorgailuen elementu nagusietakoak dira. Hauek osatzen dute aerosorgailu bat: hiru pala, nacelle bat eta dorre bat. Gainera, itsasoko parke eolikoetan erabiltzen diren beste pieza handi batzuk ere fabrikatu ahalko ditu instalazioak, hala nola monopileak eta trantsizio-piezak. Lehengai hauek erabiliko dira: karbono-altzairuzko txapa, gertuko altzairutegietatik zuzenean
entregatua, bridak —haiek ere altzairuzkoak— eta barruko elementu elektrikoak eta mekanikoak.
Hasieran, urteko ekoizpena 180 zatikoa izan daiteke, eta abiadura betera iristean, 540 zatikoa. Aurreikuspenen arabera, instalazioak 65.000 tona txapa lodi eta 7.500 tona brida erabiliko ditu, beste lehengai batzuen artean.
Inbertsio hori Bilboko Portuan egitea erabaki du enpresak, negozio horretarako leku pribilegiatua delako, industria horren eragozpen nagusia ezabatzen baitu: ezinezkoa da horrelako produktua, dituen dimentsioengatik, lehorretik garraiatzea. Horrez gainera, kokapenak aukera ematen dio, merkatuak hala eskatuz gero, oso lehiakorrak izateko lehorreko dorre eolikoen fabrikazioan, instalazioa prestatuta egongo baita bi produktu-mota horiek fabrikatu ahal izateko , eta horrek malgutasun handia emango dio eskaera-egoera desberdinetara egokitzeko.
Tecnoarandak, proiektu hau kudeatzeko zereginetan, bere bezero nagusien laguntza jaso du (Siemens, Vestas eta GE) instalazio hori Bilboko Portuan instalatzeko.