Haizea ABEEak, zeina INBISA Construcción, Gaimaz eta Intxaustik osatzen baitute, pauso garrantzitsua eman du Bilboko Portuko AZ-2 kaian Haizea Wind Groupentzat egiten ari diren lantoki berria, 48.000 metro koadro ingurukoa, eraikitzeko. Eraikin berriak dorre eolikoak off shore eraikitzeko eta amaitutako produktua biltegiratzeko erabiliko dira. Paraleloan elkarren ondoan eraikitako hiru nabe handi dira, altuera libreko 20 metrokoak, eta, gainean, aurrefabrikatutako hormigoizko delta habeak dituzte. Nabe batek 250 metroko luzera du, eta beste biek 500 metrokoa. Hormigoi aurrefabrikatuzko 256 zutabe eraiki dira, 22 metroko altuerakoak, eta 133 habe, 36 metrorainoko luzerakoak.
Lana osorik amaitzeko epea 7 hilabete eta erdikoa da —otsailean amaitzea espero dute—, eta aurrekontua, berriz, 17 milioi eurokoa. Obra beraren barruan, bulegoetarako eraikin bat ere ari dira eraikitzen, 610 metro koadrokoa, bai eta azalera urbanizatu bat ere, 22.000 metro koadrokoa.
Obra gauzatzeko epearen erdia igarota, egitura amaitua dago, bulegoetarako eraikinaren aurrealdea egina dago eta kubiertaren gainazalaren erdia ere egina dago. Modu horretan, bete egin dira BPAk kontratuan eskatutako betekizunak. Eraikuntza-enpresek aurrefabrikatutako egituraren aldizkako kontrolak eta koordinazioa egin dituzte, hala bermatzeko elementuak ongi daudela, aurreikuspenak betetzen ari direla eta kontratuan zehaztutako epeak betetzen direla.