Bilboko Portuko Agintaritzako eta Mercabilbaoko zenbait buru Amerikako hamahiru enbaxadatako ordezkariekin, Afrikako birekin eta Asiako batekin elkartu dira, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzak Madrilen duen ordezkaritzak antolatutako ekitaldi batean. Batez ere Amerikako eta Afrikako nekazaritza-produktuen inportazio-fluxua areagotzea zuen helburu topaketak.
Mexiko, Peru, Kolonbia, Hegoafrika, Ekuador, Brasil, Txile, Argentina, Paraguai, Panamá, Honduras, Costa Rica, Nikaragua, Estatu Batuak, Maroko eta Pakistango ordezkariak izan dira bileran, non fruta ekoizten eta komertzializatzen duten enpresek Bilboko Portua eta Mercabilbaoko instalazioak ezagutzeko interesa agertu duten, urriaren 23tik 25era Madrilen egitekoa den Fruit Attraction Azokan izango direla aprobetxatuz. Bisita horretan, lan-saio bat antolatuko da, eta han izango dira Bilbon eta haren eragin-eremuan fruta inportatu eta esportatzen duten enpresa nagusiak.
Elikagaietarako eta, bereziki, frutetarako instalazioen eta prozeduren berri eman da bileran. Bilboko Portuko Mugako Ikuskaritza Postuen (MIP) burua gonbidatu gisara izan da lan-gosarian, eta erakutsi du zer instalazio dauden animalia-jatorrikoak ez diren gizakiok kontsumitu edo erabiltzeko produktuetarako. Mugan kanpoko osasun-kontrolak egiteko zer giza baliabide eta zer baliabide material dauden ere jakinarazi du. Horrez gain, Espainiako iparraldean eta Frantziako hegoaldean frutak eta barazkiak merkaturatzeko Mercabilbaok daukan potentziala ere azaldu da topaketan.
Lankidetza-hitzarmenak
Espainiako laugarren portua da Bilbokoa, eta 34,2 milioi tonako trafikoa du. Tona horietatik, 6,4 milioi kontainer bidez garraiatzen dira.
Azken urteotan, ahalegin handia egin du portuak fruta eta barazkien sarrera- eta irteera-fluxuak areagotzeko. Alor horretan, Mercabilbaorekin lankidetzan dihardu, sinergiak aprobetxatuz, karga-bidaltzaile berriak eta itsas linea berriak erakartzeko. Iberiar penintsulako iparraldeko elikagai galkorren banaketarako zentro handiena da Mercabilbao.
Espainiak 3,6 milioi tona fruta eta barazki inportatzen du; horietatik % 28 Bilboko portutik 400 km-ra edo gutxiagora daude.