Aragoi Europako merkatura hurbiltzeko eskaintza multimodal eta jasangarria aurkeztu du Bilboko Portuak
Bilboko Portuko Agintaritzak eta ATEIA Aragón OLTk – Aragoiko Garraio-bitartekarien, Nazioarteko Bidaltzaileen eta Parekatuen Elkartea – “Aragoiko Itsas Etorkizuna, lotura multimodala eta karbono-aztarna murrizten laguntzea. Bilboko Portuaren kasua” jardunaldia antolatu dute Zaragozako Merkataritza Ganberarekin, Aragoi Plataforma Logistikoarekin, Bilboko Portuko Ontzien Kontsignatarioen eta Zamaketarien Elkartearekin eta UniportBilbaorekin batera. Irailaren 28an izango da, 12:00etatik aurrera, Zaragozako Logistikako Prestakuntzako CIFPA zentroan.
Bilboko Portua, Arku Atlantikoko Short Sea Shipping-aren gune nagusietakoa, aliatu estrategikoa da Aragoiko enpresentzat, erkidego horretako merkatu Nagusia den Europarekin merkataritza-harremanak sortzeko eta hobetzeko. Jasangarritasunaren arloan aitzindaria, Bilboko Portuak eta haren portuko komunitateak garraio-eredu berritzaileak eskaintzen dizkie Aragoiko inportatzaile eta esportatzaileei, Europako ingurumen-estandar zorrotzak betetzeko eta nazioarteko garraioaren erronkei aurre egiteko diseinatuak, hala joera berrietarako trantsizioa errazten eta negozioen garapen jasangarriari laguntzen.
Jardunaldian parte hartuko dute Ateia Aragoiko presidenteak, Ismael de Marcosek; Bilboko Portuko Agintaritzako Eragiketa, Merkataritza eta Logistikako zuzendariak, Andima Ormaetxek; Diego Artigotek, Zaragozako Merkataritza Ganberaren izenean; Bilboko Portuko Ontzien eta Zamaketarien Kontsignatarioen Elkarteko presidenteak, Virginia Navarrok; Finnlinesen izenean, Jorge Peidrok; Uniport Bilbaoko presidenteak, F. Jaber Bringasek; Aragón Plataforma Logística – APL erakundeko zuzendari kudeatzaileak, Pedro Sasek; eta ATEIA Aragón OLTko idazkari nagusiak, Fernando Viñasek.