1,9 milioi euroko inbertsioa egingo du portuak argiztapen hobea izan dezan
Ia 1,9 milioi euroko inbertsioa egingo du Bilboko Portuko Agintaritzak portuaren kanpoko argiteria LED teknologiadun argi eraginkorrez hornitzeko. Lehiaketa publikoa egin eta gero, Tecuni, Electricidad Martín, Eldu eta Elecnor enpresek osatutako ABEEari esleitu zaio lana.
Handia da inbertsioa, baina, diru asko aurreztuko da, epe laburrera gainera, eta ingurumena zainduko da. Zehazki, argindarraren fakturan % 25 aurreztea espero da. Neurri horrez gain, beste zenbait ere ari da aplikatzen Portuko Agintaritza 2013az geroztik. Urte hartan, energia-auditoretza bat eskatu zion BIPek EVEri, argindar-kontsumoa murrizteko zer bide dauden azter zezan. LED argi guztiak jartzen direnean, % 40 inguruko aurrezpena metatuko du Portuko Agintaritzak argindarraren fakturan 2013-2018 epean.
Proiektuaren helburua hau da: Bilboko portuko instalazioak argiztatzen dituzten 1.400 fokuak aldatzea, sei hilabetean, portuaren azalera iristen den udalerri guztietan. Bestalde, sistema horren kudeaketaz eta mantentze-lanaz ere arduratuko
da enpresa esleipenduna, Portuko Agintaritzaren ikuskaritzapean, bai eta argi-intentsitatea erregulatzeaz ere. Hala, argi-intentsitatea erregulatzeko sistema bat izango du foku bakoitzak, eta faktore hauen arabera aktibatuko da, ordenagailu-terminal batetik edo telefono mugikor batetik: eguna nolakoa den (eguzkitsua, hodeitsua, euritsua, lainotsua…), zer urtaro den, eta zer ordutan argitzen duen eguna edo iristen den ilunabarra.