Athletic gabarra izenaz ezagutzen den ontzia ikusgai dago, gaurtik, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan. Bilboko Portuko Agintaritzak egokitze-lanak egin ditu han, behin betiko Museoari eman eta herritar guztiek ikusteko moduan jarri aurretik.
Hona hemen egokitze-lanak —80.000 euroko inbertsioa egin behar izan da, gutxi gorabehera—:
- Erakusketan ezertarako balio ez zuten lan-elementuak ontzigainetik kentzea.
- Amarratze-lekutik —Bilboko Portuaren Santurtziko kai batetik— Museoraino itsasadarrean gora atoian eramatea.
- Bi garabi handirekin altxatzea.
- Gabarra jartzeko hormigoizko euskarriak eraikitzea.
- Kroskoa garbitzea eta pintatzea.
- Perimetro guztian segurtasun-barandak jartzea.
- Kaitik ontzira joateko pasabide bat eraikitzea eta jartzea.
- Oroitzapen-plaka bat jartzea, non ontziaren historia azaltzen den, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
Gabarra, orain, Museoaren kanpoko ontzi-bilduma iraunkorrean dago. Zehazki, Espainiako dike zaharrenaren ertz batean dago, lehen Euskalduna ontziola zegoen tokian; alboan, Portu gabarra du, ontziola horrek eraikitako lehen ontzia (1902). San Mames futbol-zelai berria ikusten da handik.
Museoko sarrerarekin, dikera ere sar daiteke, eta aukera ematen du ontzi guztiak ikusteko eta gabarra barrura sartzeko. Bisita-ordutegia: asteartetik ostiralera, 10:00etatik 18:00etara, eta asteburuetan, 10:00etatik 20:00etara.
Mende-erdiko bizitza
Athletic gabarra 1960koa da. Urte hartan, Bilboko Portuko Agintaritzak Celaya ontziolari (Erandio) eskatu zion ontzi bat eraikitzeko, Bilboko Portuko laguntza- eta mantentze-lanak egiteko. 18,5 metro luze da, eta 8,5 zabal.
Athletic izena eman zitzaion, Athletic klubak ligako (1983) eta liga eta kopako (1984) garaipenak zaleekin ospatzeko erabili baitzuen ontzi hau.
2013an, mende-erdia baino gehiago Bilboko Portua zerbitzatzen eman eta gero, Portuko Agintaritzak Bilboko Itsasadarra Itsas Museoari eman zion. Izan ere, “amortizatutako lan-tresna izatetik, Athleticen zale guztientzako sinbolo izatera pasatu da ontzi hau”. Erretiroa hartu du, portuko jarduerei dagokienez, baina herritarren esku geratu da.