Bahía de Bizkaia Gas-ek Sabettako portutik (Jamal penintsula, Errusia) etorritako Eduard Toll itsasontzia hartu du Bilboko Portuan dauzkan instalazioetan; abenduan inauguratu zuten itsasontzi hori, munduko gas naturaleko erreserba handienetako bati zerbitzua emateko. Lehen aldia da jatorri horretako metano-ontzi bat BBGra eta Bilboko Portura iristen dena, eta lehen aldia da, halaber, Sabettatik zuzenean datorren itsasontzi bat Iberiar Penintsulan oso-ososik deskargatzen dena.
Teekey multinazionala da itsasontziaren jabea. 127.000 tona gordin pisatzen du, eta 299 metroko luzera eta 50 metroko zabalera dauka. Izotz hauslea da, bereziki diseinatu delako Itsaso Artikoko baldintza gogorretan nabigatzeko.
BBGn aspalditik diharduen Axpo Iberia SL enpresa merkaturatzaileak ekarri du GNLko 163.000 m3-ko karga.
Jamal LNG proiektua gas natural likidotuko (GNL) megaproiektu bat da, eta Errusiako Jamal penintsulan dago kokatua, munduko gas- eta petrolio-erreserba handienetako baten kokagunean.
Itsasontzi izotz-hausle horiek Sabettatik (Jamal penintsula) Zeebruggeko (Belgika) porturako bidea egiten dute normalean, baina Bilboko Portuaren helmuga aukeratu dute oraingo honetan.