Euskadik kargari, garraioari eta logistikari dagokienez zer-nolako ahalmen operatiboa duen erakutsiko du Basque Country Logistics-ek —zeinaren partaide baita Bilboko Portua, Eusko Jaurlaritzarekin eta Pasaiako portuarekin batera— SITLn, Garraioaren eta Logistikaren Nazioarteko Azokan. Parisen izango da azoka, martxoaren 1etik 4ra, eta sektoreko agente eta zerbitzurik berritzaileenak bilduko dira.
Stand berean (Hall 6, P-45 standa), Euskadik bere garraio-azpiegituren sare zabal eta garatua aurkeztuko du: autobideak; karga-aireportuak (Gasteiz-Foronda) eta bidaiari-aireportuak (hala nola Bilbo eta Donostia); Bilboko, Pasaiako eta Bermeoko portuak; trenbide-sareak (tartean, etorkizuneko abiadura handiko tren-sarea); eta ezin hobeto konektatuta dauden zenbait plataforma. Horri guztiari esker, aukera ezin hobea da Espainiako, Portugalgo eta Frantziako merkatuetan eta haiek Europako gainerako herrialdeetarako, Afrikarako eta ozeanoz bestaldeko konexioetarako dituzten aukeretan interesa duten enpresentzat.
Bilboko Portua —urtean ia 30 milioi tonako mugimendua du— Espainiaren iparraldeko erreferentziako portua da, eta Europaren Atlantikoko fatxadako kokagune nagusietako bat. Europa Atlantikoa da Short Sea Shipping-ean eta itsas autobideetan espezializatutako portu horretako zirkulazioaren erdiaren jatorria edo helmuga. Herrialdeka, Errusia eta Erresuma Batua dira nagusi, zirkulazio totalari dagokionez, eta Erresuma Batua eta Belgika, karga lehorrari dagokionez, era guztietako zirkulaziorako lineekin: edukiontziak, ibilgailu-karga, ohiko merkantzia, proiektuak eta ontziratu gabeko merkantzia solidoak eta likidoak.
Ipar Amerika, Atlantikoko kostaldea zehazki, Bilboko Portuaren bigarren merkatu nagusia da, Erdialdeko Amerika eta Hegoaldeko Amerikako Atlantikoko kostaldea atzetik direla.