- BBGren jarduerak Arku Atletikoko gas naturalaren hornidura bermatzen du
- Euskadiko gas-eskariaren % 200 eta Estatukoaren % 16 hornitzen du
- 772 GWh-ra iritsi da Euskadin gas-kontsumoa 2024. urtean
Bahía de Bizkaia Gas instalazioak, gas natural likidotua biltegiratzeko eta birgasifikatzeko Bilboko Portuan dagoen egiturak, hain zuzen ere, hartu du Naturgy konpainiak pleitatutako Rioja Knutsen metano-itsasontziaren atrakea, energia-instalazio horretan hartutako milagarren itsasontzia. Estatuko gas sistemaren barruan gehien erabiltzen den planta honentzat mugarria da.
Gaur goizaldean –urtarrilak 20– atrakatu du Rioja Knutsen itsasontziak BBGren pantalanean Estatu Batuetatik zetorrela, eta 24 ordu emango ditu bertan garraiatzen duen 164.000 m3-ko kargaren hustuketa-lanak amaitu arte. Atlantic Max 2G motako gas natural likidoko zisterna-itsasontzia da, bere bodega kriogenikoetan -163º C-ko tenperaturan gorde behar den gas likidotua garraiatzeko gai dena. Knutsen OAS Shipping ontzi-konpainiarena da itsasontzia, eta 290 metroko luzera totala eta 46,4 metroko zabalera du. Itsasontzia 2016. urtean egin zuten Hego Korean eta Espainiako banderapean nabigatzen du.
2003. urtean martxan jarri zenetik, Bahía de Bizkaia Gas sozietatea estrategikoa izan da gas naturala arku atlantiko osoan sartzeko. Gasa jatorrian erosi eta gas naturala merkaturatzen duten enpresek BBGren instalazioak aukeratu dituzte beren itsasontziak atrakatzeko, BBGk malgutasun handiarekin lan egin dezakeelako, baita gero eta eraginkorragoak eta handiagoak diren itsasontziak ere, hala nola Q-Max deitutakoak, munduan dauden metano-itsasontzi handienak, beren bodegetan 267.000 m3 GNL ere garraiatzeko gai direnak. Trafiko horrek, gainera, bultzada nabarmena ematen dio Bilboko Portuari, portuaren salgaien trafiko totalaren % 10etik gorako balioa baitu.
450.000 m3 GNL biltegiratzeko ahalmen totala du BBGk, bakoitzak 150.000 m3-ko ahalmena duen hiru tangari esker (hirugarrena 2015ean inauguratua), eta orduko 800.000 Nm3-ko birgasifikazio-ahalmena du GNLa gas-egoerara itzultzeko. Gas hori ondoren hornidura-sare orokorrean sartzen da kontsumitua izateko.
BBG sistemaren liderra
Bahía de Bizkaia Gas sozietateak bi bazkide ditu, eta % 50eko partaidetza dute sozietatean Energiaren Euskal Erakundeak (jatorrian proiektuaren bultzatzailea ere izan zen) eta Enagás konpainiak. 2024an 49 metano-itsasontzi hartu zituen guztira, eta itsasontzi guztien artean 7,84 milioi metro kubiko GNL mugitu zituzten, 3,4 milioi tonaren kantitate baliokidea. Gainera, BBGk 50.887,4 GWh birgasifikatu zituen guztira, gasa egoera likidotik gas-egoerara transformatuta.
Gas naturalaren eskaria % 4,2 murriztu da Estatu osoan 2024. urtean iazkoarekin alderatuta. Energia elektrikoa sortzeko gas naturalaren eskaria % 21,9an gutxitu izanari zor zaio murrizketa hori, aurreko urtearekin alderatuta eskari konbentzionala % 3,1 handitu bada ere. Gas naturalaren hornikuntzari dagokionez, % 62 GNL bidez egin zen.
Gas-sistemaren esparru horren barruan, BBGk handitu egin du bere partaidetza, sistema horretan sartu den GNL guztiaren % 27,24 jaso baitu, iazko % 22arekin alderatuta, eta, hori horrela, birgasifikazio-instalazio horrek egin dio sistemari ekarpenik handiena 2024. urtean. Era berean, Euskadiko gas naturalaren eskariaren % 200 estali du, baita Estatu osoko gas naturalaren eskariaren % 16 ere, Euskadirako gas naturalaren hornikuntza bermatzeko eta Espainiako gas-sistema indartzeko helburua betez.
Sistemako instalazio guztien arteko altuena izan da BBGren birgasifikazio-instalazioen erabilera-maila, % 62, 3arekin, instalazioen erabileraren batezbestekoa % 26,2 izan delarik.
Konpainiaren emaitza ekonomikoei dagokienez, behin-behieneko balioekin, 23,3 milioi euroko EBITDA bat erakusten dute emaitzek, eta 16,6 milioi euroko ZOM zergen ondorengo mozkinak.
Proiektu historiko estrategikoa
BBGren gas natural likidotua biltegiratzeko eta birgasifikatzeko instalazioa Euskadiren azkenaldiko historian garatutako anbizio eta garrantzi handieneko energia-proiektuetako bat da. Instalazioa 2003. urtean hasi zen lanean.
90eko hamarkadan garatu zen proiektuaren sorrera; izan ere, urte haietan oso aurreratuta zegoen Euskadiren gasifikazio industriala, eta euskal produkzio-sektore osoaren gero eta handiagoak ziren premiei erantzuteko horniduran zeuden zenbait hutsune ikusi ziren, indartu beharrekoak. Horrela, gas naturalaren hornidura bermatzeko helburuarekin eratu zen BBGren proiektua, eta, aldi berean, Euskadi europako gas-sareen konexioen zentro garrantzitsu bihurtzeko.
Euskadiko gasbide-sarearen egungo egiturak BBGren itsas konexioaren bidez ahalbidetzen dio BBGri nazioarteko merkatuarekin konektatzea, Euskadour gasbidearen bidez, aldiz, Frantziarekin eta Europa osoarekin konektatzea, eta Estatuko gainerako gas-sareekin, azkenik, mendebaldetik eta hegoaldetik.
Gas naturala duela 40 urte sartu zen Euskadin petrolioaren deribatuek euskal energia-mixean zuten pisua murrizteko. Horretarako egin ziren lehenengo gas-sareak, erregai konbentzionalen ordez energia-iturri irisgarri eta askoz ere garbiago hori ezartzeko. Ingurumen-propietate onenak dituen erregai fosila da gas naturala (gasaren errekuntzak betiere ikatzak eragindakoak baino % 40-45 CO2 emisio gutxiago eragiten ditu produzitutako energia-unitateko, eta petrolioak eragindakoak baino % 20-30 gutxiago), eta energia elektrikoa produzitzeko energia konbentzionaleko iturri garbiena ere bada. Horrela, 25.772 GWh-ra iritsi da gas-kontsumoa Euskadin 2024. urtean, eta kantitate horren % 76 kontsumo konbentzionalari dagokio (industria, etxeko erabilera, eta abar) eta % 24, aldiz, ziklo konbinatuko zentral elektrikoetan izandako gas-kontsumoari.
Denbora honetan, ikatzaren erabilera desagertu egin da ia, eta albait gehien ordeztu da petrolioaren deribatuek duten erabilera. Horrekin batera, eta horrek lehiakortasunerako duen garrantzi handiarekin, energia-erabileraren intentsitatea eta euskal industriaren lehiakortasuna hobetu duten teknologia industrial askoz ere eraginkorragoak sartzea ahalbidetu du gas naturalak. Gainera, gas naturalak sektore tertziarioan eta etxeko sektorean izan duen erabilerak ordura arte ezezagunak ziren mailetara eraman du biztanleriaren erosotasuna eta energia-segurtasuna.