130 milioi euro baino gehiago inbertitu eta obretan hiru urte eman ondoren, Bahía de Bizkaia Gasek (BBG) —Bilboko Portuko eremu industrialean dago— eraikitze-lana burutu eta martxan jarri du gas natural likidotuaren (GNL) hirugarren andela. Hari esker, 450.000 m3 biltegiratzeko gaitasuna du. Zabaltze horrek Euskadiren eta, hedaduraz, Bilboko Portuaren posizio estrategikoa finkatu du gas natural likidotua arku atlantikora sartzeko puntu nagusi gisa. Halaber, etorkizunaren aldeko apustu bat da, kudeaketa-gaitasun eta hornikuntza-segurtasun handiagoa baitu eta metano-ontziak kargatzeko zerbitzu berriak eskaintzen baititu.
Azpiegitura horrekin, 265.000 metro kubikoraino garraia ditzaketen metano-ontzi handien deskarga har dezake. Negozio-hobi berri batean sartzeko aukera ere ematen du: gasaren biltegiratzea. Ez, ordea, gerora hemen kontsumitzeko, baizik eta beste itsasontzi batzuetan kargatzeko, behar den tokira garraia dezaten.
Euskadiren historia hurbilean garatu diren anbizio handiko energia-proiektu garrantzitsuenetako bat da BBGren gas natural likidotua biltegiratzeko eta birgasifikatzeko instalazioa. 2003an hasi zen martxan. Hauen partaidetza du BBGk: Eusko Jaurlaritza, EEEren bidez, % 30; Enagás, % 40; eta REEF Alemaniako inbertsio-funtsa, % 30.