INSHTren sari hori lortu duen Euskadiko lehenengo enpresa eta bakarra da
Bilboko Portuko Agintaritzak lantokian osasuna sustatzeko dituen jardunbide egokiak aintzatesten dituen diploma bat jaso du, “Enpresa Osasuntsuen Espainiako Sarearen I. Topaketa: langileen osasunaren 360°-ko ikuspegi bat”, topaketan. Madrilen izan da topaketa, Laneko Segurtasun eta Higienearen Institutu Nazionalak (INSHT) antolatua. Sari hori lortu duen Euskadiko lehenengo enpresa eta bakarra da.
Enpresa saritu guztiek Luxenburgoko Adierazpenari atxikiak egon behar dute, eta beren jardunbide egokiak egiaztatzeko prozesua gainditua izan behar dute. Bilboko Portuko Agintaritza 2014an atxiki zitzaion Luxenburgoko Adierazpenari; beraz, konpromisoa hartua du lanean, langileen osasunaren kudeaketan, osasuna sustatzeko oinarrizko printzipioak integratzeko, baita lan-arriskuen prebentzioaren arloan dituen obligazioak betetzeko ere.
Hala, Bilboko Portuko Agintaritzaren Prebentzio Sailak Portu Osasuntsua-Puerto Saludable programa jarri zuen martxan, 2014aren amaieran, BPAren langileek erabateko ongizate fisiko, mental eta soziokulturala izatea babesten, sustatzen eta laguntzen duen lan-ingurune bat lortzeko. Programa horrek enpresaren Zuzendaritzaren babes osoa du, indar sindikalen oniritzia, eta Prebentzioaren eta Giza Baliabideen sailen arteko lankidetza estuan oinarrituta dago.
Laneko ingurune osasungarri bat lortzeko diseinatutako hainbat ekintzak, kanpainak, programak eta estrategiak osatzen dute proiektua. Osasun-estrategia orokorretan oinarrituak daude, eta erakundean aurkitutako gabeziak konpontzeko edo langileek berek eskatutako alderdiak hobetzeko diseinatu dira estrategia horiek.Jarduera horiek guztiak OMEren definizioan oinarritutako lau lan-ibilbidetan jasota daude: laneko ingurune fisikoa; haren ingurune psikosoziala; enpresaren parte-hartzea komunitatean (erantzukizun sozial korporatiboa); eta osasuneko baliabide pertsonalak lan-eremuan.
Proiektua martxan jarri zenetik, beste bi aintzatespen jaso ditu
lan horregatik. Alde batetik, Gosasun Zigiluaren hirugarren maila eskuratu du, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak bultzatzen duen programa horretako sari nagusia. Bestetik, Enpresa Osasuntsuaren II. Sariek, arlo honetako Espainiako ospetsuenek —PSYAk, ORH Giza Baliabideen Behatokiak eta eSaludablek antolatuak— “Osasunaren kontrolerako programa onena” aipamen berezia egin diote.
Ekainaren 10eko jardunaldia
Osasuna sustatzearekin lotutako jardueren programaren barruan, Portuko Agintaritzak, Osalan Laneko Osasun eta Osasunerako Euskal Erakundearekin batera, EAEko enpresei zuzendutako jardunaldi bat antolatu du. Ekainaren 10ean izango da, Portuko Agintaritzaren bulego nagusietan, Santurtzin. BPAko lehendakari Asier Atutxak eta Ángel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak emango die hasiera.