Bilbon, 2013ko otsailaren 6an. Beste urtebetez, Bilboko Portuko edukiontzien trafikoa hazi egin da (% 7), eta maximo historikoa lortu du (610.131 TEU). Hain zuzen, edukiontzien bidez egiten da portuko trafikoaren % 22. Hazkundea, batez ere, Bilboko Portuaren bidez egindako esportazioen hazkundeari zor zaio: % 4 guztira, eta % 13 edukiontzi bidezkoetan.
2012an, Bilboko Portuko instalazioetako trafikoa 29,5 milioi tonakoa izan zen guztira (% 7,8), hau da, 2,5 milioi tona gutxiagokoa. Jaitsiera egoera ekonomikoarekin lotua dago, gure inguruko industria-jarduera gelditzearekin. Gelditze horren ondorioz, merkantzia likidoen jaitsiera oso nabarmena izan da. Zehazki, fuel-olioaren trafikoa —Petronor-en jarduerarekin lotua— ia hiru miloi tona murriztu da.
Solteko gaiei dagokienez, berriz, % 6,5 hazi da haien zirkulazioa, ikatz-zirkulazioa handitzeari esker (426.000 tona gehiago), batez ere kokearena. Bilboko Portuaren Zabalkuntzako kai berrietako batean dagoen Petronor-en domo-siloan lanean hasteak eragin du igoera hori. Solteko gai hauen zirkulazioa ere handitu da: zementua eta klinkerra (+ 224.000 tona), batetik, eta soja-baba (+ 200.000 tona), bestetik.
Trafikoaren ia erdia Europa atlantikoari dagokio, Bilboren eta Ipar Europako portuen arteko itsas zerbitzu ugari eskaintzen baitituzte enpresek. Haien atzetik datoz Ipar Amerika eta Hego Amerika atlantikoak. Herrialdeei dagokienez, Errusiako, Erresuma Batuko, Mexikoko, Estatu Batuetako eta Holanda-Herbehereetako merkatuak nabarmentzen dira.
Bilboko Portura trenez sartzen den edo portutik trenez irteten den trafikoa % 9 hazi da, eta kopuru hori % 16ra iristen da edukiontzien kasuan. Igoera horretan, aurten Portuko operadoreek martxan jarri dituzten tren-zerbitzuak nabari dira.
Inbertsioei dagokienez, 2012an 33 milioi euro inbertitu zituen Portuko Agintaritzak; 2013an, 56 milioi inbertituko dituzte. Portuko lurzoru-eskaera osatuta, azpiegitura eta eragiketak hobetzeko erabiliko dira inbertsioak, epe laburrera eta epe erdira trafiko berria erakartzeko, eta, batez ere, intermodalitatea indartzeko.