Cespa Gestión de Residuos eta Saisa Port enpresek Bilboko Portuan kokatzea erabaki dute, kostu logistikoak ahalik eta gehiena optimizatzearren, azken urteotan beste konpainia askok bezala. Kanpoko Abraren zabalguneko AZ-1 kaian jarriko dira bi enpresa horiek.
Cespa Gestión de Residuosek hondakin industrialak tratatzeko instalazio bat eraikiko du, 7.000 metro karratuko azaleran. Inbertsioa, berriz, 1,4 milioi eurokoa izango da, eta 2018ko ekitaldian ekingo dio lanari lantegi berriak. Estimazioen arabera, 30.000 tonakoa izango da urteko trafikoa.
Saisak, berriz, ontziratu gabeko produktu solidoak —karbonatoa sodio bikarbonatoa, batez ere— biltegiratzeko eta banatzeko instalazio bat egingo du, 3.400 metro karratuko azaleran. Proiektuaren arabera, 2.800 metro karratuko biltegi bat egingo da (azalera eraikia). Gehienez ere 16.000 tona har ditzake biltegiak, zeinaren fatxadak 10,13 metroko altuera izango baitu. Halaber, zisterna-kamioiak kargatzeko kanpoko silo bat ere izango du terminalak, eta kamioiak pisatzeko baskula bat ere bai. Nabearen ekipamendua eta instalazio
osagarriak sartuta, gutxi-asko 1,3 milioi eurokoa izango da inbertsioa, guztira. Hasierako trafikoa, berriz, 32.000 tonakoa izango da. Zazpi hilabeteko epea dago obrak egiteko.
Emakida onetsita eta berriki onartutako proiektuak jada martxan direla, % 83 ingurukoa da Bilboko Portuaren okupazioa, portzentajerik handienetakoa interes orokorreko portuen artean.