Bilbao Portlabek, Bilboko Portuko berrikuntza-hub-ak, droneei buruzko Demoday bat egin du, teknologia hori portuko komunitateari ezagutarazteko eta erabilera-kasu zehatzak identifikatzeko, AESA, ENAIRE, SENASA, Ertzaintza, Tecnalia eta bere ekosistema berritzaileko enpresen eskutik. Jardunaldian, portuaren erabilerari buruz hausnartu da, portu arinagoa, adimendunagoa eta jasangarriagoa lortzeko.
Jardunaldia lau ataletan banatuta egon da. Lehen multzoan, araudia aztertu da bi adituren eskutik: Roberto Gandara, Aire Segurtasuneko Estatu Agentziakoa (AESA), Espainian abiazio zibilaren segurtasuna bermatzeaz arduratzen den erakundea, aireontzien ziurtagiriak, pilotuen prestakuntza eta lizentziak, eta operazioen segurtasunaren kudeaketa barne; eta Daniel Garcia-Monetavaro, Espainian aire-nabigazioa kudeatzeaz arduratzen den enpresa-erakunde publikoa ENAIREkoa. Biek azaldu dute droneekin egiten den eragiketari aplikatzen zaion araudia eta U-space kontzeptua, zeinak sistema, zerbitzu eta prozedura espezifikoen multzo bat barne hartzen baitu. Sistema, zerbitzu eta prozedura horiek UASen eragiketen aire-espaziora modu seguru, eraginkor eta eskuragarrian sartzeko diseinatuta daude, digitalizazio- eta automatizazio-maila handiko garapen teknikoetan oinarrituta. Haren helburua da zirkulazioaren kudeaketa automatizatua lortzea, bereziki altitude baxuko aire-espazioan eta hiri-inguruneetan, eta hegazkintza tripulaturako jada existitzen den aire-trafikoaren kudeaketa-sistemarekin segurtasunez integratzea.
Estatuko Portuak erakundeak parte hartzen du UASen zonifikazio-taldean. Bilboko Portua, berriz, UASen eremu geografikoak izapidetzen eta argitaratzen ari da, zonifikazio-azterketa bati eta haien hegaldirako eskatutako gutxieneko baldintzak ezartzeari esker, indarrean dagoen araudian eta portu-eremu bakoitzari lotutako arriskuetan oinarrituta. SENASAk (Aire Nabigaziorako eta Segurtasun Aeronautikorako Zerbitzuak eta Azterketak) egin zuen azterketa hori. Estatuko merkataritza-sozietate bat da SENASA, eta Estatuko Administrazio Orokorraren bitarteko instrumental eta zerbitzu tekniko gisa jarduten du. SENASAko Luis Morenoren eskutik eman dira baimen prozedura garatzeko gakoak, segurtasuna eta aeronautika araudia betetzen dela bermatuz.
Ertzaintzak, berriz, herritarren segurtasunaren ikuspuntutik ezagutarazi ditu erabilera-kasuak; eta TECNALIAko Imanol Echevarriak azaldu ditu Anberesko eta Rotterdameko portuetako zenbait aplikazio berritzaile eta joera berriak, hala nola IoT-rekin eta biki digitalekin integratzea, edo karga handiko droneak edo propultsio hibridoa duten droneak, besteak beste.
Jardunaldia amaitzeko, hiru kasu praktiko aurkeztu dira, Bilbao PortLabek garatzen duen berrikuntza-ekosistemaren barruan. Alde batetik, Zeruan droneko proiektua dago, zeinak paketetxoak ainguraketa-eremuan dauden ontzietara garraiatzea erraztu dezakeen karga-drone bat baitu; Alerion, energia-sektorean jada egiten ari diren eta portu-eremura erraz eraman daitezkeen ikuskapen-arloko erabilera-kasuekin; eta Drone by drone, Bilboko Portuan jadanik egindako beste erabilpen-kasu batekin, zirkulazio-edukiontzi konplexuen segimendua.
Halaber, Bilboko Portuko berrikuntza-arloa PortLab Bilboko berrikuntza-ekosistemarekin garatzen ari den kasu bat erakutsi da. Nuavis eta Alerion enpresek garatutako proiektu pilotua da, eta EIT Manufacturingek finantzatutako proiektu pilotu baterako indarrak batu dituzte, non kaiko zenbait elementuren egoera aztertzen ari diren.
Droneen erabilerari buruzko lehen jardunaldia dinamika batekin amaitu zen, parte-hartzaileek Bilboko Portuan aplika daitezkeen erabilera-kasu zehatz berriak identifika zitzaten.