Bilbao PortLab, Bilboko Portua ekosistema berritzaile batean kokatzeko Portuko Agintaritzaren ekimena, Bilbon, azaroaren 25ean eta 26an egingo den Biscay Bay StartUp Campus (BBSC) topaketan parte hartuko du aurten ere.
Bilbao PortLab #BBSC Awardseko epaimahaiko kide izango da Bizkaiko Foru Aldundiarekin, BBK, Iberdrola eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV-EHU) batera. #BBSC Awards startup-lehiaketa bat da, enpresa berritzaile berrien eragin globala duten ideia eta proiektu teknologiko eta humanistikoak saritzen dituena.
Biscay Bay StartUp Campusen bere proiektuak jendaurrean aurkezteko hautatutako hamabi startupek #BBSC Awards sarien hiru sarietako bat eskuratu ahal izango dute. Sariak 10.000 euro, 5.000 euro eta 2.500 euro dira, hurrenez hurren, eta Zitek haztegian aholkularitza espezializatuko zerbitzuak ere eskuratu ahal izango dituzte. Hautatutako hiru ideia berritzaileei sariak emateko ekitaldia #BBSC Galan izango da, azaroaren 26ko gauean.
#BBSCri buruz
Biscay Bay StartUp Campusek trantsizio ekologikoaren buru diren pertsona ekintzaileak eta klimaren gaineko mundu-ekintza bultzatzen duten gazteak bildu eta lagunduko ditu bere laugarren edizio honetan.
Topaketak formatu mistoa izango du. Azkuna Zentroa izango du agertoki fisikoa, nahiz eta hitzaldiak eta aurkezpenak streaming bidez jarraitu ahal izango diren bere web app-aren bidez. Erosten den sarrera birtual bakoitzeko, antolatzaileek zuhaitz bat landatuko dute, gure ekintza txiki bakoitzak planeta babesten laguntzen duela adierazteko.
Bilbao PortLab-i buruz
Bilboko Portuko Agintaritzak bultzatuta eta Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioan integratuta, Bilbao PortLab berrikuntza- eta ikerketa-hub bat da, eta Bilboko Portuan berrikuntza-ekosistema bat sortzea du helburu. Horretarako,
portu-enpresekin lan egiten du barruan sor daitezkeen proiektu berritzaileetan, edo kanpoko proiektu berritzaileak erakartzen ditu. Horrez gain, era berean, parte hartzera eta aurkezten ari diren edo etorkizunean aurkez daitezkeen berrikuntza-planetarako finantziazio-aukerak aprobetxatzera gonbidatzen ditu..
Bere datu-basean 200 enpresa berritzaile inguru daude, eta Estatuko Portuen elkarteak bultzatutako 4.0 Portuen Funtsaren laguntza publikoen lehen deialdian onartutako 33 enpresa-ideietatik 6 lagundu edo bideratu ditu.
Aholku-batzorde bat du, honako hauek osatua: Bilboko Portuko Agintaritza, Estatuko Portuen Erakundeko ordezkariak, SPRI, Bizkaiko Foru Aldundia, BEAZ, Seed Capital Bizkaia, UniportBilbao, Euskal Herriko Itsas Foroa, Mugikortasun eta Logistika Klusterra, Tecnalia, Innobasque, Orkestra eta hiru unibertsitate: Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea.