Brittany Ferries konpainiak beste eskala bat, hirugarrena, gehitu du Bilboko Portuaren eta Portsmoutheko portuaren (Britainia handia) artean. Baie de Seine ferryak ematen du zerbitzu hori. 200 metro luze da, eta 600 bidaiarirentzako lekua du bere 200 kabinetan. Halaber, 160 autorentzako eta 84 kamioirentzako lekua du sotoetan. Hemendik aurrera, astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan aterako da.
Erresuma Batuarekin ferry bidezko lotura izatea lagungarria da kamioien eta turismoen zirkulazioa murrizteko eta, beraz, berotegi-efektuko gasen emisioak ere gutxitzeko. Zeharkaldiaren batez besteko iraupenak (24 ordu) aukera ematen die bezeroei takografoek zehaztutako nahitaezko atsedenaldiak egiteko, eta turistei gurutzaontzi bateko erosotasunez gozatzeko, ibilgailuak itsasontziko garajeetan garraiatzen dituzten bitartean. Produktu galkorrak —hala nola frutak eta barazkiak— kontainer hoztaileetan Erresuma Batura eramaten dituzten garraiolari askok erabiltzen dute linea hori.
Brittany Ferries haziz joan da sortu zenetik (1972an), eta Mantxako kanaleko mendebaldeko eta erdialdeko itsas garraioko linea garrantzitsuetako bat da gaur egun. 2011ko
martxotik, Cap Finisterre ferryarekin ematen du zerbitzua Bilboko Portuan (astearteetako eta ostegunetako zerbitzua), eta, orain, Baie de Seine itsasontziak ere jardungo du, asteazkenetan.
Ferry-terminalak zuzeneko sarbidea du autobidetik, eta autoz 20 minutu baino ez dira behar Bilboko erdigunetik eta aireportutik hara heltzeko.