Sakonera handiko eta itsasoko eta trenbideko konektagarritasun bikaineko terminalak
Bilboko Portuak edukiontzitan garraiatzen den trafikorako eskaintza logistikoa eta EAEko beste garraio batzuen azpiegiturekin dituen sinergiak aurkeztuko ditu Intermodal Europa azokan, Rotterdamen, azaroaren 11tik 13ra. Bilboko Portuko Agintaritzaren ordezkariak Basque Country Logistics-en C-76 standean egongo dira.
Bilbok edukiontzien itsas garraiorako 30 lo-lo zerbitzu eta hiru con-ro zerbitzu ditu. Urtean 600.000 TEU baino gehiago igarotzen da haren instalazioetatik, eta Europa atlantikoko eremuak hartzen du trafiko horren erdia, Erresuma Batua buru duela; segidan, Belgika dago. Bestalde, edukiontzien % 13k Asia pazifikoa du jatorri edo helmuga, eta % 8k, berriz, Ipar Amerika atlantikoa.
Urtero, 300.000 kamioik baino gehiagok garraiatzen dute merkantzia Espainiaren eta Europako iparraldearen artean; horrek adierazten du zenbaterainoko hazkundea izan lezakeen oraindik Bilboko Portuaren eta eremu horren arteko itsas garraioak.
Instalazioak eta tren-zerbitzuak
Bilboko Portuko edukiontzien terminalak 373.000 metro koadro
ditu, 1.300 metroko atrakatze-lerroa eta 21 metroko sakonera itsasbeheran. Terminalak zerbitzu hauek ditu, besteak beste:edukiontziak garraiatzeko 32-65 tonako zazpi garabi, 32-42 tonako hemeretzi Transtainer garabi, hozkailu-edukiontzietarako 486 hargune, eskanerra eta terminaletik Iberiar penintsulako zentro logistiko nagusietarako tren-zerbitzuak.
Gaur egun, tren-zerbitzu intermodalek Bilboko Portuarekin lotzen dituzte Gasteiz, Burgos, Madril, Guadalajara, Sevilla, Zaragoza, Nafarroa, Bartzelona, Castelló, Valentzia eta Murtziara. Azken hori —zeina Nonduermasetik ateratzen baita— hozkailu-tren bat da, eta, oraingoz, astean bi bidaia egiten ditu.