Bilboko Portuak irailean hartuko du Project Cargo, sektoreko erreferentziazko beste topaketa
Aurten ere, Breakbulk Europe (E25 – F24 standak) azokan parte hartuko dute Bilboko Portuko Agintaritzak eta UniportBilbaok, beraien enpresen ordezkaritza batekin batera. Breakbulk-en, heavylift-en eta proiektu-kargaren munduko ekitaldi nagusia da Breakbulk, eta maiatzaren 21etik 23ra egingo da Rotterdamen.
Breakbulk Europek erakustoki bikaina eskaintzen du Bilboko sektore logistiko multimodalerako. Batetik, ontzi-enpresei eta beste operadore logistiko batzuei portuaren eta haren terminalen ahalmena erakusteko aukera emateagatik; eta, bestetik, zamaketariei Bilboko enpresa-komunitateak dituen zerbitzuak eskaintzeko aukera emateagatik.
2023an, Bilboko portuan trafiko mota honetako 3 milioi tona baino gehiago mugitu ziren, batez ere produktu siderurgikoak; osagai eolikoak; makineria astuna; papera eta orea; eta eraikuntza-materialak. Gehien hazi zen trafikoa makineria izan zen, eta, aldi berean nabarmentzen dira zenbait merkatu, hala nola Erresuma Batua, Irlanda, Belgika eta Finlandia, Europan, eta Japonia, Taiwan, India, Hego Korea, Vietnam eta Estatu Batuak ozeanoz bestalde. Izan ere, hazkunde handieneko merkatuak ozeanoz haraindiko hiru dira: Vietnam, Japonia eta India.
Gainera, Breakbulk erakustoki ona izango da Bilboko portuaren alderdi industriala erakusteko, bertako hinterland indartsuaren industria-tradiziotik eratorria, eta ontziratu beharreko piezen gero eta tamaina handiagoa. Industria-tradizio hori, era berean, barne-portuan ikusten da, eta garai bateko ontzioletako kaien ondoan aukera-eremu berriak aurkitu ditu.
Sektoreak beste topaketa garrantzitsu bat izango du irailean: Project Cargo Summit. Izan ere, Bilbon egingo da irailaren 17tik 18ra, eta Bilboko Portuko Agintaritza izango da anfitrioi.