Bilboko Itsas Portuko Agintaritzaren egoitzan, Santurtzin, egin du bilera European Seaports Association (ESPO) erakundearen Garraio Intermodal eta Logistikako Batzordeak. Europako portu nagusietako ordezkariak biltzen ditu batzordeak. Horiez gain, erregularki hartzen dute parte batzordearen bileretan erakunde hauetako ordezkariek ere: Europar Batasuneko Mugikortasun eta Garraio Zuzendaritzakoek (DGMOVE), Aduana Zuzendaritzakoek (DGTAXUD) eta INEAkoek, hots, Europaz Haraindiko Garraio Sareen programa (TEN-T) kudeatzen duen elkartekoek.
Portu hauetako ordezkariak izan dira Bilboko bileran: Riga, Kopenhage-Malmö, Norvegiako Portu Elkartea, Hanburgo, Rotterdam, Amsterdam, Anberes, Gante, Zeebrugge, Britainiar Portu Elkartea, Algeciraseko Badia, Valentzia, Estatuko Portuak, Livorno, Italiako Portu Elkartea eta Marseilla.
Ongietorri-hitzaldian, Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakariak, Asier Atutxak, batzordearen jarduera-ildoak azpimarratu ditu, eta esan du bat datozela Bilboko Portuaren estrategiarekin Short Sea Shippingaren, itsas autobideen, barrualdeko plataforma intermodalen eta errepide, trenbide eta itsas korridore intermodalen sustapenari dagokionez.
Hitzaldiaren ondorengo bileran, gai hauek jorratu ziren, besteak beste: itsasoko autobideen aplikazioa 2014-2020 epean eta Marco Polo programaren oredezkoan; TEN-T-en irizpide berriak, EBko koordinatzaileak izendatu eta lan-programak prestatu ostean, ESPOko idazkaritzak portuen azpiegitura-garapenari buruz egindako inkestaren emaitzak. EBri azurkeztuko zaio inkesta hori, Europaz Haraindiko Garraio Sareetan portuetarako zer aurrekontu esleitu behar lukeen jakin dezan; halaber, aduanarekiko lankidetza-eskema ere (DGTAXUDekin egin nahi da) aurkeztuko da, portuentzat interesekoak diren zenbait gai konpontzeko (aduanen harmonizazioa, Blue Belt proiektua, e-manifest, 2010/65 direktibaren araberako leihatila bakarra…).
Halaber, SECA (Sulphur Emission Control Area) erregulazioa duten portuetako inpaktua ere aztertu da, baita egoera berriari aurre egiteko hartu beharreko erabakiak ere. Bileraren amaieran, PORTOPIA proiektua (portu-agintaritzetarako portu-erredimenduaren adierazle nagusiei buruzkoa) aurkeztu dute, erabiltzaileen ikuspegitik eta EBren testuinguruan, konektagarritasun intermodalari eta arintasunari (besteak beste) dagokienez.
1990eko hamarkadaren erdialdeaz geroztik, zenbait batzordetan elkarlanean jardun dira Portuko Agintaritza eta ESPO. Bilboko Portuko Agintaritzako Eragiketa, Merkataritza eta Logistika Zuzendaritzak eta Sail Komertzialak hartzen dute parte estrategian eta bileretan. Bestalde, 2012ko azaroaz geroztik, garraio Intermodaleko eta Logistikako Batzordeko buru da Bilboko Portuko Lehiakortasun Burua.
EBko arduradunen partaidetza
European Seaports Association (ESPO) elkartearen Garraio Intermodaleko eta Logistikako Batzordearen bileran izan dira Valente de Oliveira, Itsasoko Autobideetako (AdM) EBko koordinatzailea, eta José Laranjeira Anselmo, DGMOVEko AdM arloaren arduraduna. Autobideen garapenaz eta 2001z geroztik haiek izan dituzten emaitzez jardun dira EBko ordezkariak, baita TEN-T programaren irizpide berriekin autobideek izango duten etorkizunaz ere.
Bisitaldi hori dela eta, Bilboko Portuko eta aduanako Short Sea Shippingeko eragileekin bilera bat antolatu du Portuko Agintaritzak, Short Searen eta itsasoko autobideen garapenari buruzko proiektuak eta lehentasunak azal ditzaten. Hartara, Bilboko Portuaren ikuspegia ere aintzat hartuko da AdM-etarako garatzen ari den lan-programan, zeina erreferentziatzat hartuko den ondorengo proiektuen aurkezpenerako.