Aurten ere izango da Bilboko Portuko Agintaritzaren ordezkaririk Seatrade Cruise Med topaketan (Lisboa, irailak 19 eta 20). Urte gutxiren buruan, nabarmen hazi da Bilboko Portuaren eskala-kopurua; aurten, esate baterako, 32 gurutzaontzi porturatu dira urtarriletik uztailera, hau da, % 14 hazi da. Bidaiari-kopuruak ere % 6 egin du gora aurtengo lehen sei hilabeteetan. Aurtengo denboraldian 60 bat gurutzaontzi iristea espero da; bidaiariak, berriz, 84.000 inguru izatea.
Aipatzekoa da jatorri-portu gisara Bilboko Portuak izan duen hazkundea, batez ere iaz bidaiarien itsas estazio berria martxan jarri zenetik. Europako estazio puntakoenetako bat da Bilbokoa, bai diseinuagatik, bai kalitatearen eta itsas segurtasunaren estandar bikainengatik.
Hogei ontzi-konpainia baino gehiago
Aurten ere hogei itsasontzi-konpainiak baino gehiagok erakutsi dute eta erakutsiko dute gure portuarekiko konfiantza: Azamara, Celebrity Cruises, Cruise & Maritime, Crystal NYK, Cunard Line, Du Ponant, Fred Olsen Cruise Line, Hapag Lloyd, Hurtigruten, Majestic Int, MSC, Noble Caledonia, Norwegian Cruise Line, Oceania, Princess Cruises, Pullmantur, P&O, Royal Caribbean (RCCL), Saga Cruises, SeaBourn Cruise Line, Sea Cloud, Silversea Cruises, TUI Cruises eta WindStar Cruise.
Tamaina guztietako gurutzaontziak iritsiko dira (90 eta 339 metro bitarteko luzerakoak), zenbait estilotakoak (familiarrak eta esklusiboak) eta adin guztietarakoak. Dozena bat gurutzaontzi edo gehiago lehenbizikoz geratuko dira Bilboko portuan. Aurten ere bisitan izan da Brittannia gurutzaontzia (P&O, Grupo Carnival), dotore askoa: apirilean porturatu zen, eta irailean berriro etortzekoa da. Gainera, lau ontzik emango dute gaua portuan aurtengo denboraldian.
Bukatzeko esan behar dugu Pullmanturrek (RCCL) Bilbo izango duela aurten ere itsasaldien abiapuntu eta helmuga, eta 2.000 bidaiari baino gehiago porturatuko edo itsasoratuko dituela bere Zenith gurutzaontzian.