Bilbo da Erresuma Batuarekiko trafiko gehien mugitzen duen estatuko portua, bai trafiko totalari dagokionez, bai edukiontziei dagokienez. Portuko instalazioetatik pasatzen da, zehazki, Espainiak herrialde horrekin duen itsas trafikoaren % 23. Hala ere, errepideko garraioa erabiltzen duten fluxu garrantzitsuak daude oraindik ere: 2013an, 5,7 milioi tona izan ziren; hots, urtean 356.000 kamioi.
Fluxu horiek bereganatu nahian, Bilboko Portuko ordezkari batzuk Birminghameko azoka multimodalean parte hartzen ari dira, apirilaren 29tik maiatzaren 1era bitartean, Basque Country Logistics-en 210 standean.
2013an, Bilbotik Erresuma Baturako trafikoa 2 milioi tona hazi zen; horrenbestez, trafiko totalaren % 9 da. Merkantzia horien % 98 karga lehorrari dagokio, eta % 63 edukiontzitan garraiatzen da.
% 61,5 esportazioak dira, eta % 38,5, berriz, inportazioak. Nabarmentzekoak dira ardo, edari eta alkoholen, produktu kimikoen, eraikuntza-materialen, eta fruta eta barazkien esportazioko trafikoak. Inportazioei dagokienez, nagusiak txatarra, produktu siderurgikoak eta ardo, edari eta
alkoholen multzoa dira.
Liverpool, Portsmouth, Tilbury, Greenok, Bristol, Themaesport eta Newport-eko portuek kontzentratzen dute Bilboren eta Erresuma Batuaren arteko trafikoaren % 91.