Bilboko Portuko Agintaritzak eta UniportBilbaok, Portuan jarduten duten 30 bat enpresarekin batera, maiatzaren 17tik 19ra bitartean parte hartuko dute, Rotterdamen, 120 herrialde profesional biltzen dituen Breakbulk Europe azokan (1E25-F24 estanda, Hall 1), breakbulk, ro-ro, heavylift eta proiektu-kargaren munduko ekitaldi nagusia.
Portuko komunitatea abangoardian dago salgai-mota horren garraioan, kargan eta estekatzean, eta arintasuna, malgutasuna eta espezializazioa eskainiz. Rotterdamen hogei elkarrizketa egin dituzte, eta Portuko zerbitzu eta instalazioak erakutsiko dituzte, mota guztietako breakbulk- eta proiektu-kargetarako, nazioartean aintzatetsitako eta balioetsitako hinterland industrial garrantzitsu baten zerbitzura.
Salgai orokorrak Bilboko portuko zirkulazioaren % 10 da. 2021ean 3 milioi baino gehiago mugitu ziren, 2020an baino % 23 gehiago. Horren barruan, ro-ro trafikoak goranzko joera izaten jarraitzen du, 2021ean % 25 tonatan eta % 30 kamioietan hazi baitzen.
Trafiko motari dagokionez, Bilbao eolikoen hub sendoa izateaz gain, siderurgia-produktuak nabarmentzen dira. Beste trafiko garrantzitsu batzuk honako hauek dira: makineria, papera eta pasta; eraikuntzako materialak; produktu metalurgikoak; frutak, barazkiak eta lekaleak; automobilak eta haien piezak; eta bestelako elikagaiak, oro har.
Salgai orokorren merkatu nagusiak Erresuma Batua, Taiwan, Irlandako Errepublika, Turkia, India eta Belgika dira.
Proiektu-kargan espezializatua
Bilboko Portuak oso industrializatutako eragin-eremu bati ematen dio zerbitzua, eta, gainera, bere instalazioen barruan, proiektuetan espezializatuta dauden enpresek ekoizpen-instalazioak dituzte, hala nola Haizea Bilbao, Arcelor Mittal, Vicinay Cadenas, Navacel eta Lointek. Halaber, Siemens Gamesak terminal base bat du, mundu guztiari inportatzeko eta esportatzeko. Bere ondoan, Bergé, Toro y Betolaza eta Servicios Logísticos Portuarios (SLP) proiektuak manipulatzen eta kargatzen espezializatutako enpresa zamaketariak daude. Horiei CSP Iberian Terminal Bilbao gehitu zaie, tamaina handiko kargari (MSC eta CMA-CGELLAS, besteak beste) espazioa eskaintzen duten itsas linea nagusi guztiei zerbitzua emanez.
Logistika eta portuko komunitate enpresek eskaintzen dituzten zerbitzuen balioa ez da portuko eragiketara soilik mugatzen; izan ere, besteak beste, hauek hartzen dituzte: itsas zerbitzuak (horretan Bilbao nabarmentzen da, maiztasuna eta lerroen eta helmugen aldetik), giltza eskura eragiketak, aduana-bulegoa, lurreko garraio espezializatua eta paketatze espezializatua. Horretarako, Bilbaok benetako espezialistak ditu, eta horietako batzuk Rotterdamen egongo dira.
Kaien elektrifikazioa
Ontzi-enpresei zerbitzu berriak emateko eta green port gisa sendotzeko, Portuko Agintaritzak OPS teknologia zabalduko du 2025ean linea erregularreko ontziei elektrizitatea hornitzeko, ontzien motor osagarriak itzali ahal izateko eta, hala ere, funtsezko zerbitzuak izaten jarraitzeko. 1 MW eta 12 MW bitarteko erabilera anitzeko sistema bat aukeratuko du, edozein ontzi motari erantzun ahal izateko, luzera, GT, diseinua edo trafikoa edozein izanda ere.
BilbOPS izeneko proiektu horri esker, bibrazioez eta zaratez gain, berotegi-efektua eragiten duten gasak % 40 murriztuko dira, eta, proiektu honekin eta beste neurri osagarri batzuekin, Portuko Agintaritzak espero du Europako Batasunak 2030erako ezarritako emisioak % 55 murrizteko helburua lortzea.