Erresuma Batuko eta Espainiako portuen arteko hiru itsas ibilbide identifikatu dira, salgaien garraiokoak zein gurutzaldienak, itsas garraioa deskarbonizatzen lagunduko duten korridore berde potentzial gisa. Ibilbide horietako bat Bilboko Portua-Erresuma Batua izan da, eta beste biak Santanderretik eta A Coruñatik abiatzen dira.
Ibilbide horiek Britainia Handiko Espainiako enbaxadak eta Bilboko Portuko Agintaritzak Global Maritime Forumarekin batera antolatutako mintegi batean identifikatu dira. Ekitaldian izan dira: Sarah Cowley, Britainia Handiko enbaxadako ministro sailburua; Andima Ormaetxe, Bilboko Portuko Agintaritzako Eragiketa, Merkataritza eta Logistika zuzendaria; eta Aitor Arzuaga, Alba Emission Free Energy enpresako zuzendari nagusia. Erresuma Batuak arlo horretan egindako aurrerapenei buruz hitz egin duten beste agintari britainiar batzuk ere egon dira Bilbon, hala nola Alexandra Beaumont UK Shore-ko zuzendaria – itsas garraio jasangarriari buruzko gobernu britainiarraren bulegoa -, eta James Lovett Innovate UK-ko berrikuntza-arduraduna – Erresuma Batuko berrikuntza-agentzia nazionala -.
Hainbat lan-saio eta aldez aurreko inkesta egin ondoren, Britainia Handiko enbaxadak eta Bilboko Portuko Agintaritzak, Global Maritime Forumarekin batera – munduko itsas industriaren potentziala sustatzen duen irabazi-asmorik gabeko nazioarteko fundazio bat -, ibilbideak identifikatu dituzte lehen urrats gisa, aurrerantzean erakunde publikoek eta pribatuek elkarrekin ibilbideak garatzeko lan egin dezaten.
Ibilbide horien garapenak Espainian eta Erresuma Batuan balio-kate berrien hazkundea suspertzeko ahalmena du, baita zero emisioko itsas garraioko teknologia eta zerbitzu berriak ere. Gerora, beste ibilbide batzuetan erreplika ahal izango dira.
Bilboko Portuko Agintaritzako Eragiketa, Merkataritza eta Logistikako zuzendari Andima Ormaetxeren ustez, “itsas korridore berdeak eta digitalak garatzea lehentasuna da Bilboko Portuarentzat. Bilboko Portua iraunkortasun-estrategien buru da 2005etik, eta, orain, bultzada berria izango dute kaiak elektrifikatzeko inbertsioekin eta hidrogenoaren euskal korridorearekin. Bilboko Portutik Arku Atlantikora eta, bereziki, Erresuma Batura doazen itsas zerbitzuen lidergoa indartu egin da azken bi urteetan, gutxiago kutsatzen duten ontziak sartu direlako. Korridore horien deskarbonizazioak eragin handia izango du, batetik, garraiatzen duten bolumenagatik eta, bestetik, errepidea itsas modura aldatzean dagoen potentzial handiagatik”. Horregatik guztiagatik, itsas bide horiek deskarbonizatzeko bideragarritasunean sinesten dugu”. Andima Ormaetxek gaineratu duenez, “Global Maritime Forumak eta Britainia Handiko Gobernuak eskaintzen diguten foro hau funtsezko tresna da stakeholder guztien artean neurriak eta inbertsioak aztertzeko eta sustatzeko, gero eta jasangarriagoa den garraio baterantz aurrera egiteko.”
Berotegi-efektuko gasak murriztea
Itsas garraioa energiaren ikuspegitik eraginkorrenetakoa den arren, berotegi-efektuko gasen emisio-iturri gero eta handiagoa da. 2050erako emisio horiek % 90etik % 130era igotzea aurreikusten da.
Ondorioz, Nazioarteko Itsas Erakundean (IMO) bildutako herrialdeek hasierako estrategia bat hartu zuten 2018an, nazioarteko itsas garraioak sortutako berotegi-efektuko gasak murrizteko eta mendi honetan ahal bezain laster ezabatzeko. Gasen emisioak gutxienez % 50 murrizteko hasierako estrategia adostu zen 2050erako, 2008ko mailak kontuan hartuta.
Ondoren, eta ildo horri jarraituz, Erresuma Batuak Clydebank-en Deklarazioa plazaratu zuela iragarri zuen 2021eko azaroko Glasgowko COP26 goi-bileran. Nazioarteko Itsas Erakundearen lana osatzeko diseinatu zen, garraioa zero emisiorekin egin ahal izateko. ClydeBank Declaration sinatu zuten herrialdeek, besteak beste, Espainiak, adierazi zuten itsas korridore berdeak ezartzen lagundu nahi zutela. Hau da, bi porturen arteko zero emisioko itsas bideak.
Orduz geroztik, Britainia Handiko Madrilgo enbaxadak gogor egiten du lan Global Maritime Forumarekin, itsas garraioaren deskarbonizazioa gauzatzea ahalbidetuko duten nazioarteko eta britainiar/espainiar ibilbideak identifikatzeko eta aztertzeko.
Apirilean aurkeztuko den GMFren txostena prestatzeko balio izan du Bilboko Portuan egindako jardunaldiak. Oraingoz, iazko txostena Global Maritime Forumaren webgunean kontsulta daiteke.
Korridore berdeak itsas ibilbide espezifikoak dira, zero emisioko ontzien eragiketetarako bideragarritasun teknologikoa, ekonomikoa eta arautzailea ekintza publiko eta pribatuen konbinazio batek katalizatzen dutenak. Korridore berde bat ezartzeko oinarrizko hainbat osagai aplikatu behar dira: balio-kateen arteko lankidetza, erregai-bide bideragarria, bidalketa ekologikoen bezeroen eskaera eta aldeko politikak eta erregulazioak.
- Txostena: The Next Wave: Green corridors
- Txostena: The UK pioneering environmentally friendly shipping