Bilboko Portuko Agintaritzak Intermodalitatea eta Azpiegitura logistikoak: Nazioarteko garraioaren egungo erronkei buruzko I. Foroan parte hartuko du martxoaren 9an, asteazkena, egingo den eta Logistikako Espainiako Zentroak antolatutako logistika- eta garraio-sektorearen topaketan.
Nazioarteko garraioaren sektoreak gaur egun dituen erronkak aztertuko dira jardunaldian, nazioarteko logistikarako tren-garraioaren eta itsas garraioaren arteko intermodalitatearen abantailetan arreta berezia jarriz. Cosladan (Madril) egingo den hitzorduan, nazioarteko garraioko adituek, logistika-sektoreko profesionalek eta trenbide-operadoreen eta portuko agintaritzen ordezkariek hartuko dute parte.
Bilboko Portuko Agintaritzaren eragiketa-, merkataritza-, logistika- eta estrategia-zuzendari Andima Ormaetxek portuen egungo egoera eta etorkizuneko planak aztertzeko mahai-inguruan parte hartuko du, Estatuko beste portuetako ordezkariekin eta nazioarteko logistika eta merkataritzako adituekin batera.
Andima Ormaetxek Bilboko Portuak eskaintzen dituen soluzio logistiko eta multimodalak aurkeztuko ditu. Bilboko instalazioetan 4.358 tren sartu edo
atera ziren iaz, aurreko ekitaldian baino % 15 gehiago. Edukiontziak trena erabiltzeko kuota % 23koa da dagoeneko. Bilboko Portutik, une honetan, Zaragozarekin eta beste puntu batzuekin – hala nola Abroñigal, Arasur, Azuqueca, Bartzelona, Coslada, Jundiz, Noain, Nonduermas, Pancorbo, Sevilla, Sillo, Vicálvaro edo Villafria – trenbide-loturak daude.