Portuko Agintaritzaren arlo ezberdinetan garatuko den prestakuntza-programa hau ibaiertzeko udalerrietan bizi diren gazteei zuzenduta dago
Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioak, zortzigarren urtez jarraian, enpresan praktikak egiteko programa bat eskaintzen du, patronatuko kideen arteko lankidetzaren esparruan, Bilboko Portuko Agintaritzako sailen arlo funtzionaletan garatuko dena. Hamar plaza eskaintzen dira, unibertsitate-ikasketetan tituludunei eta amaitutako ikasketak dituzten 30 urtetik beherako gazteei zuzenduak, langabezian daudenei, bere prestakuntzarekin lotutako esperientzia kualifikaturik ez dutenei eta aurretik praktika profesionaletan beka bat izan ez dutenei. Fundazioaren patronatua osatzen duten bederatzi udalerrietako batean erroldatuta egon behar dute onuradunek: Barakaldo, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Zierbena.
Programan parte hartzeko eskaeren aurkezpena irailaren 30ean bukatuko da. Zazpi plaza Novia Salcedo Fundazioaren bidez gauzatu beharko dira eta beste bi Mondragon Unibertsitatearen bidez. Hamargarren plaza, Mondragon Unibertsitateko MYGADE – Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza Masterreko ikasleentzat, 2022ko otsailean esleitu zen eta 2025era arte iraungo du.
Programa, oinarriak eta arlo funtzional bakoitzeko eskaintza espezifikoak Fundazioaren web orrian kontsulta daitezke.
Fundazioari buruz
Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioa ibaiertzeko bederatzi udalerrik (Barakaldo, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Zierbena) eta Bilboko Portuko Agintaritzak osatzen dute, eta portuko jarduerarekin zerikusia duten hogei bat enpresa eta erakunderen laguntza du.
Bere helburu nagusia interes orokorreko planak eta jarduerak sustatzea eta garatzea da, proiekzio sozio-kultural eta aisialdikoa izango dutenak, Bilboko Portuak eta Bilboko Itsasadarrak itsasertzeko udalerrien garapen ekonomiko eta
sozialean eta integrazioan gaur egun eta historian izan duten garrantzia hobeto ezagutzeko, bai eta portuko sektorean berrikuntzari lotutako proiektu eta ekimenak sustatu eta garatzeko ere.
Fundazioaren helburuak hauek dira: Bilboko Portuaren ondare historiko, kultural eta ekonomikoa ikertzea, kontserbatzea eta zabaltzea; portu-sektorearen berrikuntzan, hobekuntza teknologikoan eta lehiakortasunean aurrera egiteko proiektuak, jarduerak, azterlanak, ekimenak edo ikerketak sustatzea, bultzatzea eta/edo garatzea, diru-laguntzak, laguntzak edo finantza-laguntzak ematea barne; lankidetza- eta babes-hitzarmenak egitea gizarte-, kultura- edo kirol-eremuetan; biltzarrak, jardunaldi teknikoak, mintegiak eta portu-arloko trebakuntza-ikastaroak antolatzea, argitalpenak egitea eta portu-arloan trebatzeko bekak eta laguntzak ematea.