Bilboko Portuko Agintaritzako eta bederatzi udaletako ordezkariek (Barakaldo, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Zierbena) Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioaren patronatuaren urteko lehen bilera egin dute.
Bileran, kudeaketa-lerro orokorrak eta jarduketakoak zehaztu dira 2013rako, eta, besteak beste, proposamen hau onartu da: Fundazioak ateak zabaltzea.bere kezka berak dituzten beste erakunde publiko edo pribatuei.
Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioaren helburua da arlo soziokulturalari eta aisialdiari begira egindako interes orokorreko planak eta ekintzak sustatzea eta garatzea. Horien bidez, aukera egongo da hobeto ezagutzeko Bilboko portuak eta Bilboko itsasadarrak gaur egun eta historian zehar izan duten garrantzia itsasertzeko udalerrien garapen ekonomikoan eta sozialean eta horien integrazioan.
Fundazioaren xedeak dira: ikerketa-lerroak garatzea eta sustatzea; mintegiak, sektorekako topaketak eta trebakuntza-ikastaroak antolatzea eta gauzatzea portuaren eta udalerrien bizitzan parte hartzen duten sektoreetan; portuko gaietan trebatzeko bekak eta laguntzak ematea; portuko zerbitzuei buruzko azterketa-proiektuak egitea; azoka, mintegi eta bestelako foroetan parte hartzea; arlo sozialean, kulturalean eta kirol-arloan egiten diren jarduerekin bat egitea eta halakoak babestea; sektoreko administrazioen, erakundeen eta/edo agenteen arteko lankidetza sustatzea; eta inguruan dauden irabazi asmorik gabeko gainerako erakundeekin lankidetzan aritzea.