Portuko Agintaritzaren hainbat sailetan egiten diren praktikak ibaiertzeko udalerrietan bizi diren gazteei zuzenduta daude.
Seigarren urtez jarraian, Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioak “Enpresan praktikak egiteko programa” eskaintzen du. Patronatuko kideen arteko lankidetzaren esparruan garatzen den programa hau Bilboko Portuko Agintaritzaren sailetako arlo funtzionaletan garatuko da. Hamar plaza eskaintzen dira, guztiak unibertsitate ikasketetan edo Goi Mailako Prestakuntza Zikloetan titulatuta dauden 30 urte beherako gazteei zuzenduta. Interesatuta daudenek, gainera, langabezian egon behar dute eta ezin dute beren prestakuntzarekin zerikusia daukan aurretiazko esperientza kualifikaturik izan, ezta inoiz ez praktika profesionaleko bekarik izan ere. Eskakizun guzti hauek, bekak kudeatzen dituen Novia salcedo Fundazioak ezarritakoak dira.
Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioak praktika guztiak finantzatuko ditu. Onuradunak, Fundazioa osatzen duten bederatzi udalerrietako baten erroldatuta egon behar dute (Bilbao, Erandio, Leioa, Getxo, Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi eta Zierbena).
Programan eskabideak aurkezteko epea urriaren 1ean bukatuko da eta praktikak urriaren 19an hasiko dira. Bekek zortzi hilabeteko iraupena izango dute eta eskaerak Novia Salcedo Fundazioaren bidez egingo dira.
Programa, oinarriak eta arlo funtzional bakoitzeko eskaintza espezifikoak Fundazioaren webgunean argitaratuta daude.
Fundazioari buruz
Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioa ibaiertzeko bederatzi udalerriek, hau da, Barakaldo, Bilbao, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Zierbena, eta Bilboko Portu Agintaritzak osatzen dute, eta portuko jarduerarekin zerikusia daukaten hogei bat enpresa eta erakunderen laguntza dauka.
Bere helburu nagusia interes orokorreko planak eta jarduerak sustatzea eta garatzea da, gizarte-, kultura- eta jolas-proiekzio zabalarekin, Bilboko Portuak eta Bilboko Itsasadarrak gaur egun eta historian zehar itsasertzeko udalerrien garapen ekonomiko eta sozialean eta integrazioan duten garrantzia hobeto ezagutzeko, bai eta portu-sektorean berrikuntzari lotutako proiektuak eta ekimenak sustatu eta garatzeko ere.
Fundazioaren helburuak hauek dira: Bilboko Portuaren ondare historiko, kultural eta ekonomikoa ikertzea, kontserbatzea eta zabaltzea; berrikuntzan, hobekuntza teknologikoan eta portu-sektorearen lehiakortasunean aurrera egiteko aukera emango duten proiektuak, jarduerak, azterlanak, ekimenak eta ikerketak bultzatzea, sustatzea eta/edo garatzea; diru-laguntzak, laguntzak edo finantza-laguntzak ematea barne; lankidetza- eta babes-hitzarmenak egitea gizarte-, kultura- edo kirol-arloetan; portu-sektoreetako biltzarrak, jardunaldi teknikoak, mintegiak eta prestakuntza-ikastaroak antolatzea; argitalpenak prestatzea, eta portu-esparruan prestatzeko bekak eta laguntzak ematea.