Hamasei beka emango dira Fundazioa osatzen duten itsasertzeko udalerrietan bizi diren gazteentzat, eta Portuko Agintaritzan egingo dira praktikak
Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioak “Enpresan Praktikak egiteko Programa” sustatu du. Patronatuko kideen arteko lankidetzan egingo da, Bilboko Portuko Agintaritzaren sailetan.
Hamasei plaza eskainiko dira. Unibertsitate-titulua duten 32 urte baino gutxiagoko gazte langabetuek eta lanbide-heziketa dualeko goi-mailako zikloetako bigarren mailako gazteek egin ahal izango dituzte praktikak. Fundazioaren Patronatua osatzen duten bederatzi udalerrietako batean erroldatuta egon behar dute hautagai guztiek (Bilbo, Erandio, Leioa, Getxo, Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi eta Zierbena).
2015eko urritik 2016ko ekainera bitartean egingo da programa. Unibertsitate-titulua duten ikasleentzat, gehienez sei hilabete iraungo du, eta lanbide-heziketa dualeko ikasleentzat, berriz, 800 ordu. Novia Salcedo Fundazioak (NSF), Bizkaiko Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikoen Elkarteak (Ikaslan) eta
Somorrostroko Lanbide Heziketako Ikastetxeak egingo dituzte kudeaketa-lanak eta aurretiko hautaketa.
Programa, oinarriak eta arlo funtzional bakoitzaren berariazko eskaintzak irailean argitaratuko dituzte aipatutako udalen webguneetan.
Fundazioari buruz
Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioaren helburua hau da: arlo soziokulturalerako eta aisialdirako interes orokorreko planak eta ekintzak sustatzea eta garatzea, haien bidez hobeto ezagutzeko Bilboko Portuak eta Bilboko itsasadarrak gaur egun eta historian zehar izan duten garrantzia Bizkaiaren garapen ekonomikoan eta sozialean eta itsasertzeko udalerrien integrazioan.
Fundazioaren jarduerek xede hauek dituzte: ikerketa-lerroak garatzea eta sustatzea; mintegiak, sektorekako topaketak eta trebakuntza-ikastaroak antolatzea eta egitea portuarekin eta udalerriekin loturiko sektoreetan; portuko gaietan trebatzeko bekak eta laguntzak ematea; portuko zerbitzuei buruzko azterketa-proiektuak egitea; azoka, mintegi eta bestelako foroetan parte hartzea; arlo sozialean, kulturalean eta kirol-arloan egiten diren jarduerekin bat egitea eta halakoak babestea; sektoreko administrazioen, erakundeen eta/edo eragileen arteko lankidetza sustatzea; eta inguruan dauden irabazi-asmorik gabeko gainerako erakundeekin lankidetzan aritzea.