Hemezortzi bekak Portuko Agintaritzaren sailetan aritzeko dira, eta ibaiertzeko udalerrietan bizi diren gazteei zuzenduak daude
Bigarren urtez jarraian, Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioak “Enpresan praktikak egiteko programa” bat sustatu du, Patronatuko kideen arteko lankidetza-hitzarmenaren barruan, Bilboko Portuko Agintaritzaren sailetako arlo funtzionaletan aritzeko. Praktikak behar bezala egiteko behar diren baliabide material eta didaktiko eta tutoretzako baliabide guztiak Portuko Agintaritzak emango ditu.
Hemezortzi plaza eskainiko dira (aurreko ikasturtean baino bi gehiago), hauei zuzenduak: alde batetik, unibertsitate-titulua duten edo goi-mailako hezkuntza-zikloko titulua duten 32 urte baino gutxiagoko gazte langabetuak, beren trebakuntzari lotutako esperientzia kualifikaturik ez dutenak, horrelako bekak kudeatzen dituen Novia Salcedo Fundazioaren eskakizunek dioten bezala; eta, bestetik, goi-mailako zikloetako bigarren urteko ikasleak, baldin eta Bizkaiko Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak koordinatzen dituen Ikaslan elkarteko ikastetxeetakoak edo Somorrostroko Lanbide Heziketako Ikastetxekoak badira.
Horrez gainera, Fundazioaren Patronatua osatzen duten bederatzi udalerrietako batean erroldatuta egon behar dute hautagai guztiek (Bilbo, Erandio, Leioa, Getxo, Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi eta Zierbena).
Irailaren 15ean bukatuko da eskaerak entregatzeko epea, eta urrian hasiko dira praktikak. Unibertsitate-titulua duten ikasleentzat, gehienez sei hilabete iraungo du, eta lanbide-heziketa dualeko ikasleentzat, berriz, 800 ordu. Novia Salcedo Fundazioak (NSF), Bizkaiko Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikoen Elkarteak (Ikaslan) eta Somorrostroko Lanbide Heziketako Ikastetxeak egingo dituzte kudeaketa-lanak eta aurretiko hautaketa.
Programa, oinarriak eta arlo funtzional bakoitzaren berariazko eskaintzak irailean argitaratuta egongo dira aipatutako udalen webguneetan (www.fundazioa.bilbaoport.eus).
Fundazioari buruz
Bilboko Portuko Agintaritzaren eta ibaiertzeko bederatzi udalerrietako ordezkariek osatzen dute (Barakaldo, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Zierbena) Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioa, eta portu-jarduerari lotutako hogei bat enpresa eta erakunderen laguntza du.
Helburu hau du Fundazioak: arlo soziokulturalerako eta aisialdirako interes orokorreko planak eta ekintzak sustatzea eta garatzea, haien bidez hobeto ezagutzeko Bilboko Portuak eta Bilboko itsasadarrak gaur egun eta historian zehar izan duten garrantzia Bizkaiaren garapen ekonomikoan eta sozialean eta itsasertzeko udalerrien integrazioan.
Fundazioaren jarduerek xede hauek dituzte: ikerketa-lerroak garatzea eta sustatzea; mintegiak, sektorekako topaketak eta trebakuntza-ikastaroak antolatzea eta egitea portuarekin eta udalerriekin loturiko sektoreetan; portuko gaietan trebatzeko bekak eta laguntzak ematea; portuko zerbitzuei buruzko azterketa-proiektuak egitea; azoka, mintegi eta bestelako foroetan parte hartzea; arlo sozialean, kulturalean eta kirol-arloan egiten diren jarduerekin bat egitea eta halakoak babestea; sektoreko administrazioen, erakundeen eta/edo eragileen arteko lankidetza sustatzea; eta inguruan dauden irabazi-asmorik gabeko gainerako erakundeekin lankidetzan aritzea.