Bekak Portuko Agintaritzaren sailetan aritzeko dira, eta ibaiertzeko udalerrietan bizi diren gazteei zuzenduak daude
Laugarren urtez jarraian, Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioak “Enpresan Praktikak egiteko Programa” sustatu du. Patronatuko kideen arteko lankidetzan egingo da, Bilboko Portuko Agintaritzaren sailetako eremu funtzionaletan. Hamabost plaza eskainiko dira, hauei zuzenduak: alde batetik, unibertsitate-titulua duten edo goi-mailako hezkuntza-zikloko titulua duten 30 urte baino gutxiagoko gazte langabetuak, beren trebakuntzari lotutako esperientzia kualifikaturik ez dutenak, horrelako bekak kudeatzen dituen Novia Salcedo Fundazioaren eskakizunek dioten bezala; Plaza horietako bat eskuratzeko aukera izango dute, halaber, Ikaslani atxikitako ikastetxeetan (Bizkaiko lanbide-heziketako ikastetxe publikoak koordinatzen dituen elkartea) edo Somorrostroko Lanbide Heziketako Ikastetxean matrikulatutako Lanbide Heziketako goi-mailako zikloetako 2. urteko ikasleek.
Fundazioaren Patronatua osatzen duten bederatzi udalerrietako batean erroldatuta egon behar dute hautagai guztiek (Bilbo, Erandio, Leioa, Getxo, Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi eta Zierbena).
Programan sartzeko eskaerak entregatzeko epea ekainaren 30ean amaituko da LH dualerako eta irailaren 5ean tituludunentzat.
Beken iraupena sei hilabete da unibertsitate-titulua dutenentzat, eta eskaerak Novia Salcedo Fundazioaren bidez formalizatuko dira. Goi-zikloetako ikasleen bekek, berriz, 800 orduko iraupena izango dute, eta haien kudeaketa eta aurrehautaketa Ikaslanek (Bizkaiko Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikoen Elkartea) eta Somorrostroko Lanbide Heziketako zentroak egingo dituzte.
Programa, oinarriak eta eremu funtzional bakoitzaren berariazko eskaintzak ibaiertzeko udalen webguneetan eta fundazioaren webgunean argitaratuta daude (http://www.fundazioa.bilbaoport.eus).
Fundazioari buruz
Bilboko Portuko Agintaritzaren eta ibaiertzeko bederatzi udalerrietako ordezkariek osatzen dute Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioa (Barakaldo, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Zierbena), eta portu-jarduerari lotutako hogei bat enpresa eta erakunderen laguntza du.
Helburu hau du Fundazioak: arlo soziokulturalerako eta aisialdirako interes orokorreko planak eta ekintzak sustatzea eta garatzea, haien bidez hobeto ezagutzeko Bilboko Portuak eta Bilboko itsasadarrak gaur egun eta historian zehar izan duten garrantzia Bizkaiaren garapen ekonomikoan eta sozialean eta itsasertzeko udalerrien integrazioan.
Fundazioaren jarduerek xede hauek dituzte: ikerketa-lerroak garatzea eta sustatzea; mintegiak, sektorekako topaketak eta trebakuntza-ikastaroak antolatzea eta egitea portuarekin eta udalerriekin loturiko sektoreetan; portuko gaietan trebatzeko bekak eta laguntzak ematea; portuko zerbitzuei buruzko azterketa-proiektuak egitea; azoka, mintegi eta bestelako foroetan parte hartzea; arlo sozialean, kulturalean eta kirol-arloan egiten diren jarduerekin bat egitea eta halakoak babestea; sektoreko administrazioen, erakundeen eta/edo eragileen arteko lankidetza sustatzea; eta inguruan dauden irabazi-asmorik gabeko gainerako erakundeekin lankidetzan aritzea.