Portuaren jarduera eta hark itsasadarraren ertzeko udalerriekin izan duen harremana erakusten du erakusketak sei edukiontzitan
Bilboko Portuaren historia, jarduera eta garrantzi ekonomikoa eta Portuak itsasadarraren ertzeko udalerriekin izan duen harremana gizarteari erakustearren, Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioak Port Art erakusketa ibiltaria inauguratu du Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren zabaldegian. 1950eko hamarkadaren bukaeran sortutako mugimendu artistikoan inspiratutako erakusketa hau 20 oineko (sei metro luzeko) sei edukiontzitan banatuta dago, eta edukiontzi horien kanpoko zein barruko dekorazioa pop artisten lanean inspiratuta dago.
Erakusketa antolatzen lagundu dute, Bilboko Portuko Agintaritzarekin batera, Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioa osatzen duten udalerriek: Bilbok, Barakaldok,
Erandiok, Sestaok, Santurtzik, Leioak, Getxok, Portugaletek eta Zierbenak.
Era berean, erakunde hauek dira partaide: Amarradores Puerto de Bilbao, Astilleros Zamakona, Berge Marítima Bilbao, Bunge Iberica, E. Erhardt y Cia, El Transbordador de Vizcaya, MacAndrews, Nirint Iberia, Noatum Container Terminal Bilbao, Progeco Bilbao, Remolcadores Ibaizabal, Sacyr Construcción eta Transfennica Iberia.
Egutegia
Erakusketa ibiltaria honek bost egun emango ditu (asteazkenetik igandera) itsasadarraren ertzeko bederatzi udalerrietako bakoitzean. Sei edukiontzietatik bostek eduki bera izango dute udalerri guztietan; seigarrenak, berriz, gaia aldatuko du dagoen udalerriaren errealitatera eta historiara egokitzeko.
Erakusketaren ordutegia hau izango da: lanegunetan, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara; larunbat eta igandeetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara.
Aste bakoitzeko astelehenak eta astearteak erakusketa jasotzeko eta lekualdatzeko eta hurrengo udalerrian muntatzeko erabiliko dira.
Bilbon estreinakoz egon ondoren (maiatzaren 27tik ekainaren 1era), Barakaldora pasatuko da (ekainaren 4tik 8ra); ondoren, Erandiora (11tik 15era), Sestaora (18tik 22ra), Santurtzira (25etik 29ra), Leioara (uztailaren 2tik 6ra), Getxora (9tik 13ra), Portugaletera (16tik 20ra), eta, azkenik, Zierbenara (23tik 27ra).