Praktikak Portuko Agintaritzan egingo dira eta lan-esperientziarik gabeko gazteei zuzenduta daude. Zortzi hilabeteko iraupena izango dute
Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioak, aurten ere, enpresan praktikak egiteko programa bat sustatu du, Bilboko Portuko Agintaritzaren sailetako arlo funtzionaletan garatzeko. Programa duela hamar urte hasi zen, eta patronatuko kideen lankidetzaren barruan kokatzen da. Ezagutza eta talentua sustatzea du helburu, eta lehen lan-esperientzia eskaintzea.
Fundazioak sei plaza eskaintzen ditu, 30 urtetik beherako gazteentzat, unibertsitate-ikasketetan edo goi-mailako heziketa-zikloetan titulatuta daudenentzat, langabezian daudenentzat, prestakuntzarekin lotutako esperientzia kualifikaturik ez dutenentzat eta aurretik lanbide-praktiketako bekarik izan ez dutenentzat. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 27an amaituko da. Praktikak urrian hasiko dira, eta zortzi hilabete iraungo dute.
Fundazioak hitzarmenak sinatu ditu Novia Salcedo Fundazioarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin, erakunde horiek praktikak, dokumentazioa, akreditazioak eta ziurtagiriak eskuratzeko baldintzei, laguntzen zenbatekoei eta onuradunen kudeaketa-izapideei dagokienez dituzten arauak zaindu eta errespetatzeko.
2024-2025 edizioan, parte hartu nahi duten gazteek Portuko Agintaritzaren arlo hauetan lan egiteko aukera izango dute: ingurumena, azpiegiturak, eraikuntza, berrikuntza edo giza baliabideak, gizarte-ekintza eta komunikazioa. Horretarako, lanpostu guztietarako titulazio egokiak eskatuko dira.