Eskaerak aurkezteko epea irailaren 29an amaituko da
Pertsonekiko, ezagutzarekiko eta talentuarekiko bere konpromisoarekin jarraituz, Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioak, bederatzigarren urtez jarraian, Enpresan Praktikak egiteko Programa bat sustatu du, Patronatuko kideen arteko lankidetza-esparruaren barruan. Programa hori Bilboko Portuko Agintaritzaren sailetako arlo funtzionaletan garatu da, eta programaren eskura jarri ditu ohiko jarduerarako baliabide materialak, didaktikoak eta tutoretzakoak.
Programaren helburua da lehen lan-esperientzia eskaintzea Unibertsitate-ikasketetan edo Goi-mailako Heziketa-zikloetan graduatuta dauden 30 urtetik beherako gazteei, baldin eta bere prestakuntzarekin lotutako esperientzia kualifikaturik ez badute eta aurretik praktika profesionaletarako bekarik izan ez badute, eta, ahal dela, Fundazioaren Patronatua osatzen duten bederatzi udalerrietako batean erroldatuta badaude: Barakaldo, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Zierbena.
Enpresan Praktikak egiteko Programaren 2023-2024 edizio honetarako bederatzi plaza deitu dira, Novia Salcedo Fundazioarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan, komunikazioaren, marketinaren, ingurumenaren, ingeniaritzaren, zuzenbidearen, ekonomiaren edo enpresa-zuzendaritza bezalako arloetan graduatutako gazteei zuzenduta. Praktikak 2023ko urrian hasiko dira eta zortzi
hilabeteko iraupena izango dute, Mondragon Unibertsitateko MYGADE – Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza graduko ikasleentzako plaza izan ezik. Izan ere, plaza hori 2022ko otsailean esleitu zen eta 2025era arte luzatuko da.
Eskaerak irailaren 29ra arte egin ahal izango dira, eskatutako dokumentazioa Novia Salcedo Fundazioaren eta Mondragon Unibertsitatearen bitartez betez.