Bilboko Portuaren jarduera eta garrantzia Bizkaiko gizarteari hurbiltzeko, eta ibaiertzeko udalerriekin duen harreman historikoa sakontzeko, bereziki haurrei zuzendutako jardunaldi ludiko-kultural bat antolatu du Bilboko Itsas Portuak, Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioarekin batera. Ekainaren 20an egingo da, Bilboko Areatza pasealekuan.
“Kai Jaia” izena eman zaio jardunaldiari, eta familiarentzako jai bat izango da, non portuaren hiru lan-arloen berri emango baita joko eta jardueren bidez: Merkataritza Portua, Energia sortzeko Portua eta Gurutzaontzien Portua. Hogei jarduera ludiko baino gehiago egingo dira; besteak beste, ginkana bat itsasadarrean bertan, tirolina bat itsasadarra gurutzatzeko, eta merkantzia-tren bat, non haurrek adin-taldetan parte hartu ahal izango baitute.
Sarrera doan da, baita jarduera guztietan parte hartzea ere, eta itsasertzeko udalerri batean izango da urtero. Barrutia zabalik egongo da 11:00etatik 20:00etara.
Eragin ekonomikoa
Kantauri itsasoko ertzeko portu nagusia da Bilbokoa, trafiko-bolumenari, azpiegiturei eta itsas linea kopuruari dagokienez. Bilboko Portuko jarduerak 9.000 enplegu mantentzen ditu, eta EAEko BPGaren % 1 eta Bizkaikoaren % 2 sortzen du. 5.000 bat lagun izaten ditu eskuarki bere instalazioetan, eta Bilboko
Portuko Agintaritzak berak bakarrik 270 langile ditu.
Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioaren helburua da arlo soziokulturalerako eta aisialdirako interes orokorreko planak eta ekintzak sustatzea eta garatzea, haien bidez hobeto ezagutzeko Bilboko Portuak eta Bilboko itsasadarrak gaur egun eta historian zehar izan duten garrantzia itsasertzeko udalerrien garapen ekonomikoan eta sozialean eta haien integrazioan. Bilboko Portuko Agintaritzaren eta ibaiertzeko bederatzi udalerrietako ordezkariek osatzen dute (Barakaldo, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Zierbena), eta portu-jarduerari lotutako hogei bat enpresa eta erakunderen laguntza du.