Herbehereetako enpresa-agentziak antolatutako bilera baten topagunea izan da Bilboko Portua. Herbehereetako, Alemaniako eta Euskadiko ordezkariek parte hartu dute topaketa horretan, hiru lurraldeak elkartuko dituen hidrogeno berriztagarrirako Europa barneko korridore baten garapenean aurrera egiteko. Herbehereen eta Alemaniaren aldetik, bertan izan dira, besteak beste, bere enbaxaden, Amsterdam eta Duisporteko portuen, Merkataritza Ganberaren eta bi herrialdeetako enpresaburuen ordezkariak. Euskadiren ordezkaritzaren buru Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak ordezkatutako Eusko Jaurlaritza izan da, eta Basque Trade, Energiaren Euskal Erakundea, Petronor-Repsol edo Iberdrola bezalako enpresak eta Bilboko Portuko Agintaritzak ere parte hartu dute, azken hau jardunaldi honen anfitrioi ere izan dena.
Topaketan, Bilboko Portuko instalazioak bisitatu dira, eta hidrogeno berdearen ekoizpena, garraioa eta logistika garatzeko beharrezkoak diren portu-azpiegiturak eta horiek deskarbonizazioari egiten dioten ekarpena aztertu dira, zero emisio garbiak helburu direla.
Jardunaldia Bilboko Portuaren eta Amsterdamgo Portuaren artean hidrogenoaren arloan 2023ko ekainaren 13an sinatutako Ulermen Memorandumean (MoU) jasotako ekintzen barruan kokatzen da.
MoU horri Alemaniako Duisport portua gehitu zitzaion gerora. Garapen horri esker, Rhin-Ruhr eskualdean funtsezkoak diren industria-kontsumitzaileek hidrogenoa eskura dezakete. Azpimarratzekoa da Herbehereetako hidrogenoaren ekosistemaren funtsezko zeregina, Iberiar Penintsulan ekoitzitako hidrogeno berdea eta erregai sintetikoak Herbehereetako eta Alemaniako merkatuetan banatzeko.