Portuak erregai sintetikoak ekoizteko instalazio bat izango du eta hidrogenoaren hub logistiko gisa jardungo du.
Datozen urteetan, Bilboko Portua Hidrogenoaren Euskal Korridorearen – Basque Hydrogen Corridor (BH2C) gune neuralgiko bihurtuko da. Ekimen honek, hasiera-hasieratik, hidrogenoa etorkizuneko erregaia izateko garapen teknologikoari eta industria-ekoizpenari lotuta dauden 78 enpresen, erakundeen, zentro teknologikoen eta prestakuntzakoen partaidetza izango du. Izaera estrategiko nabarmena duen proiektu bat da, irismen globalekoa eta erreferentziazkoa, berrikuntzari eta ingurumen-iraunkortasunari lotua, CO2 emisioak murrizten eta Bilboko Portuaren inguruan, gune neuralgiko gisa, hidrogeno-ekonomia garatzen lagunduko duena.
Euskadiko energia- eta logistika-sektoreak hidrogeno berdearen ekoizpena gidatzeko duen apustu sendo hori Petronorrek eta haren akziodun nagusiak (Repsol) bultzatzen dute. Eusko Jaurlaritzaren -Energiaren Euskal Erakundearen bidez (EEE)-, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntza du, eta 2021etik 2026ra bitartean 1.300 milioi euroko inbertsioak egitea aurreikusten du ekimenarekin lotutako 34 proiektutan. Zenbatespenen arabera, zuzeneko 1.340 lanpostu sortuko dira eta zeharkako 6.400 inguru, eta bultzada handia emango dio ekonomia susperraldiari klima-aldaketaren aurkako borrokan iraunkorra eta funtsezkoa den energia-iturri baten inguruan.
Bilboko Portuko Agintaritzaren eta portuko komunitatearen eskutik, Portuak aktiboki parte hartzen du Hidrogenoaren Euskal Korridorean – Basque Hydrogen Corridor. Alde batetik, Punta Sollanako 46.700 metro koadroko lursailean, Petronorrek hidrogeno berdea erabiliz erregai sintetikoak ekoizteko munduko instalazio handienetako bat eraikiko du. Erregai horiek ura eta CO2 lehengai gisa erabiliz sortzen dira, eta autoak, kamioiak edo hegazkinak erretzeko motorretan eta beste aplikazio batzuetan erabil daitezke..
Lehenengo fasean, inbertsioa 67 milioi eurokoa izango da, eta 2024tik aurrera instalazio horiek martxan egongo direla aurreikusten da. Ondoren, proiektua II. eta III. faseekin osatuko da. Fase horiek lehenengoaren ondoan kokatuko dira, eta 76 milioi euroko inbertsio gehigarria ekarriko dute. Hiri-hondakinetatik abiatuta (papera, kartoia, plastikoa eta ehunak, esaterako) gasa sortzeko instalazioa izango da, 10 megawatteko ahalmenekoa, eta horri esker, erregai tradizionalak erabiltzea saihestuko da eta Ekonomia Zirkularra sustatuko da. Hasieran, pirolisi-instalazio horrek urtean 10.000 tona hiri-hondakin inguru prozesatu ahal izango ditu, eta kopuru hori 100.000 tonakoa izatera heldu daiteke hurrengo faseetan. Gas hori erregai gisa erabiliko da findegian bertan.
Petronorren proiektu hau hainbat alderdirekin lotuta dago; besteak beste, berrikuntzarekin, punta-puntako teknologiarekin, iraunkortasunarekin, deskarbonizazioarekin eta karbono-aztarna murrizten laguntzen duen energia-trantsizioarekin. Irizpide horiek bat datoz Portuko Agintaritzak Bilboko Portua eremu jasangarriago eta berritzaileago bihurtzeko duen estrategiarekin.