Bilboko Portuko Agintaritzan egin da IPCSA Port Community Systems nazioarteko elkartearen bilera. Luis Gabiola Eragiketa, Merkataritza eta Logistikako zuzendariak egin die ongietorria parte-hartzaileei. Besteak beste, honako gai hauek izan dituzte aztergai: errepide eta trenbide bidezko garraioa itsas terminaletara iristeko eta handik irteteko sistemak kudeatzeko jardunbide egokiak, erreserba-sistemak (Vehicle Booking Systems), blockchain teknologian oinarritutako ekimenak erabiltzea PCSen artean BL ontziratze-ezaguerei buruzko datu-truke seguruak egiteko, PCSentzako 2030a bitarteko ikuspegia eta, amaitzeko, Brexitaren inpaktua arintzeko irtenbideak.
Elkarte hori 2010ean sortu zen, Europan aitzindari diren portuetan lan egiten duten sei Port Community Systems-en (PCS) ekimenez: SOGET (Le Havre), MCP (Felixstowe), Portbase (Rotterdam) eta DAKOSY (Hanburgo). Gaur egun, 40 kide ditu. Urtean 20 bilioi mezu elektroniko kudeatzen dituzte, 200 portu eta aireportutako 500 milioi TEUren mugimenduari buruzkoak.
Bilboko Portua, e-puertobilbao plataformaren bidez ordezkatuta, eskubide osoko kide da 2011tik. Parte-hartze horren bidez, ezagutza eta esperientziak partekatu nahi ditu; balio erantsiko zerbitzuak identifikatu nahi ditu, lehendik lineak dituen portu batzuetako beste PCS batzuetara bere plataforma irekitzeko eta, hala, zerbitzuak hobetu; teknologia berriekin lotutako joerak identifikatu nahi ditu, martxan dauden zerbitzuei laguntza hobea emateko edo zerbitzu berriak eskaintzen laguntzeko; edo bezero armadoreetan inpaktu txikiagoa izango duten lege-eskakizun berriak aztertu nahi ditu, zenbait tresna teknologikori esker (hala nola Europako Leihatila Bakarra, DG MOVE mugikortasun-zuzendaritza nagusiak sustatua).
Hauek dira IPCSAren helburu nagusiak:
- Ziurtatzea Europako Batasunean PCSetako operadoreen garrantzia aintzatesten dela, sektoreari kontsulta egin diezaioten hari eragiten dion neurriren bat hartu behar izanez gero.
- Halaber, ziurtatzea PCSetako operadoreek rol garrantzitsua dutela Europa barneko e-freightaren kudeaketan.
- Sustatzea PCS guztien artean ahalik eta estandarizazio handiena egon dadin.
- Eta sustatzea, halaber, PCSen garapena eta horien arteko ezagutza-trukea.