Azaroaren 27tik 29ra, Europako gurutzaontzi-azokarik garrantzitsuenean —Seatrade Med Cruise Convention— izango da Bilboko Portuko Agintaritza. Aurten, Frantzian egingo da azoka, Marseilla hirian. Bere standa (512.a) abiapuntu hartuta, Bilboko Portuak gurutzaontzien joan-etorrirako dauzkan azpiegitura eta zerbitzuak erakutsiko ditu, eta Euskal Herriak gurutzaontzietako bidaiarientzat duen turismo-eskaintza zabalaren berri emango du.
Aurten, 50 eskala baino gehiago egingo dira Bilboko Portuan; izan ere, hiru konpainiak hautatu dute Bilbo bidaiariak ontziratzeko eta lehorreratzeko portu gisa. Hain zuzen, MSC Cruceros-ek MSC Ópera ontziarentzat erabiliko du (zortzi geldialdi); Iberocruceros-ek, Grand Mistral ontziarentzat (bi geldialdi); eta Pullmantur-ek Empress ontziarentzat (bi geldialdi).
Nabarmentzekoak dira, baita ere, M/V Celebrity Constellation gurutzaontziak egingo dituen zazpi geldialdiak —Royal Caribbean konpainiaren mende dagoen Celebrity Cruises ontzi-enpresarena da gurutzaontzi hori—. Konpainia horrek ardoarekin lotutako ibilbideak egiten ditu, eta Bilbon ematen dute gaua, egiten dituen zazpi geldialdietako batean.
Gurutzaontzientzako atrakaleku berria
Euskal Herriak eragiten duen erakarmen turistiko gero eta handiagoak, gurutzaldien sektoreak nazioartean izan duen gorakadak eta ontzi-enpresa handiek Atlantikoko ibilbide handietan eskala egiteko nahiz gurutzaldien hasiera edo bukaerako portu moduan Bilboren alde egindako apustuak gurutzaontzientzako bigarren atrakaleku bat egitera bultzatu dute Bilboko Portuko Agintaritza.
Inbertsioa 13,8 milioi eurokoa izango da. Getxon egitekoa den terminal berriak (gaur egungoa ere han dago) lehorrean 27.400 m2 hartuko ditu, 76 m zabal izango da, eta 355 m luze den atrakatze-lerroa eta 12 metroko zinga izango ditu.