Sinaval Eurofishing azoka apirilaren 16tik 18ra egongo da BECen (Bilbao Exhibition Centre), eta aurtengo edizioan ere bertan izango da Bilboko Portuko Agintaritza. Portuko Agintaritzak aurten jarriko duen standean, haize-energia izango da ardatz nagusia eta, horrekin batera, Bilboko portuak energia-mota hori garatzeko dituen lehiatzeko abantailak ezagutaraziko ditu.
Europako Batasunak konpromisoa hartu du Europako ekonomia eraginkortasun energetiko handiko eta berotegi-gasen emisio baxuko ekonomia bat izan dadin. Horregatik, kide diren estatuek neurriak hartu behar dituzte 2020an EB osoko energiaren % 20 berriztagarria izan dadin. Konpromiso horri erantzuteko bidean, itsasoa energia garbi eta agortezineko iturri oparo bat da, ia ustiatu gabea, eta Atlantikoko arkua Europako gune baliagarriena da olatuen energia aprobetxatzeko.
Horretarako, ahalmen logistiko handia behar da, bai ekoizpena biltegiratzeari dagokionez, bai portuetan garraiorako eta instalaziorako erabil daitezkeen hornidura-kopuruei dagokienez, gutxienez 150 metro luzeko eta karga-ahalmen handiko kaiak behar baitira.
Eta, hain zuzen, Bilboko Portuak baldintza horiek eta gehiago betetzen ditu. Zabalpen-lanak eginez geroztik, Bilboko Portuak behar beste azalera du
energia berriztagarrien hedadura ahalbidetzeko, bai eta proiektu handien trafikorako ere; proiektu horien artean, aerosorgailuen piezak aipa ditzakegu.
Bilbokoa portu aitzindaria izan da, Espainiako lehen itsas parke eolikoa ezarri baitzuen, 2006an. Acciona Taldearen Energia dibisioaren parke bat da, eta bost aerosorgailu ditu, 2 megawattekoa bakoitza.
Portuko Agintaritzak, gainera, Bilboko Portuko uretan bizi den itsas faunaren eta floraren aberastasun handia ezagutzera emateko dituen proiektuak erakutsiko ditu Sinaval azokan.
Sinaval Eurofishing azokari eta programari buruzko informazio gehiago lortzeko