Hainbat faktoreri esker, Bilboko Portuko trafikoa 31,2 milioi tonatan (+% 5,5) itxi da; hau da, 2020tik 1,6 milioi tona berreskuratu dira. Faktore horiek honakoak izan dira: urteko bigarren seihilekoan eta, bereziki, azken hiruhilekoan, merkantzien berreskuratze orokorra; bai ontziratu gabeko produktu solidoetan, bai merkantzia orokorrean izandako milioi bat tonako hazkundeak karga lehorrean eragin duen % 18 hazkundea; eta itsasontzien sarreraren hazkundea.
Bilboko Portua, beraz, suspertzeko bidean dago, eta hein batean murriztu egin du pandemiaren eta zamaketa-gatazkaren ondorioz 2020an galdutako trafikoa. Horrela, Estatuko Portuen batazbestekoan kokatu da. Portuko Agintaritzak uste du joera hori mantendu egingo dela ekitaldi honetan eta 2023an 2019ko trafikora itzuliko garela.
Aurkezteko moduari dagokionez, 2021ean ontzi guztiek igoera nabarmena izan zuten aurreko urtearekin alderatuta, ontziratu gabeko likidoek izan ezik (-% 2); GNLaren trafikoaren jaitsierak eta findegiak (Petronor) urteko lehen hiru hiruhilekoetan izan duen ekoizpen txikiak eraginda. Kontuan hartu behar da trafikoen % 57 likidoak direla, eta, beraz, eragin handia dute trafiko osoan.
Hazkundea ontziratu gabeko solidoetan nabaritu da bereziki, 2021.urtean % 27 igo baita. Merkantzia orokorra aurreko urtekoa baino % 13,5 handiagoa izan da, eta, horren barruan, ohiko merkantzia orokorra % 23 hazi da eta edukiontzietako merkantzia % 9. Bestalde, TEUen (20 oineko edukiontzi baten baliokide den nazioarteko unitatea) kopurua % 11 hazi da.
Ibilgailuetako salgaiak goranzko joera izaten jarraitzen du (+% 25 tonatan eta +% 30 kamioietan, osorik edo erdi-atoietan, GIU gisa kontabilizatuak), eta 2019ko maila gainditzen du (+% 6,5 tonatan eta +% 17,5 kamioietan).
Susperraldia, halaber, itsasontzien mugimenduan islatu da. Izan ere, 2.699 geldialdi egon dira, aurreko urtean baino 331 gehiago; eta, ondorioz, % 7ko hazkundea izan du. Itsasontzien batez besteko tamaina txikiagoa da, petrolio gordinaren eta gasaren ontzien geldialdiak jaitsi egin direlako.
Portu-trenbide trafikoa ere handitu egin da, eta 2021ean 4.358 tren sartu edo atera ziren portuko instalazioetatik; hau da, aurreko ekitaldian baino % 15 gehiago. Edukiontziak trena erabiltzeko kuota % 23koa da dagoeneko.
Bidaiariei dagokienez, ekitaldi honetan Bilboko Portuak 73.853 lagun jaso ditu, joan den urtean baino % 62 gehiago. Ferryek Erresuma Batuarekin eta Irlandarekin duten jarduerari eta gurutzaldien jarduera pixka bat indarberritzeari esker izan da. Ferryek 149 geldialdi izan dituzte guztira, eta gurutzaontziek, 14. 2022an Euskadira itsasontziz iristen den turista-kopurua nabarmen handitzea espero da. 2022rako, dagoeneko, 79 gurutzaontzik geldialdi-eskaera egin dute, eta martxoaren amaieran Salamanca ferrya jarriko da martxan: merkantzientzako eta bidaiarientzako itsasontzia. Cap Finistere ordezten du Bilbao eta Portsmouth arteko ibilbidean, eta ferry horren edukiera bikoizten du. Ferry hori, gainera, GNLk bultzatutako Bilboko Portuko linea erregularreko lehen itsasontzia bihurtuko da.
Merkatu nagusiei dagokienez, Errusiako trafikoa % 54 hazi da, 5,5 milioi tonaraino; batez ere, petrolio gordinaren eta gasolioaren inportazioak hazi egin direlako. Trafiko osoan lehen merkatua izaten jarraitzen du.
Bestalde, Bilboko Portua Espainiaren, Erresuma Batuaren eta Irlandaren arteko merkataritzako sarrera- eta irteera-ate nagusia da berriz ere. Zehazki, itsas-trafiko horren % 25 mugitzen du. Erresuma Batuarekin trafikoek % 4,5 egin dute gora, 2,8 milioi tonatik gora daude; eta Irlandarekin, berriz, % 47 eta 830.000 tonakoak dira.