2019an, Bilboko Portuko trafikoa -tokiko trafikoa eta zuzkidura zenbatu gabe- 35,4 milioi tonekoa izan da. Oro har, trafikoak aurreko urtealdiarekin konparatuz bere horretan jarraitzen du, 137.200 toneko jaitsiera arinaz (-% 0,39), nahiz eta Petronorrek geldialdi teknikoa egin.
Aurkezpen moduaren arabera, nabarmentzekoa da ontziratu gabeko likidoek izandako %2 inguruko igoera. Hazkunde hau, gehien bat, gas inportazioek izan duten gehikuntzagatik gertatu da (+2 milioi tona), horrek bere trafikoa bikoiztu eta salgai honetan errekor historikoa lortzea ekarri baitu; eta beste aldetik, Petronorren produkzioaren jaitsiera orekatzen duen gasoilen deskargak izandako hazkundeagatik (+680.000). Birfindegiak ez duenez bere aktibitatea azaro arte guztiz berreskuratu, petrolio gordinaren trafikoa %15 eta fuelena ia %5 jaitsi da eta horrek, 1,8 milioi toneko jaitsiera adierazten du. Guztira, Petronorrek bere aktibitatea 2,6 milioi tonetan gutxitu du.
Ontziratu gabeko solidoak %1,6 inguru jaitsi dira; hau da, portu espainiarrak baino gutxiago, horiek, oro har, %11 jaitsi direlako.
Edukiontzietan garraitzen diren kanpo-merkataritzako salgaien bolumena mantendu da. Tona gordinak apur bat jaitsi dira (-%1,32).
Edukiontzian ez doan ohiko merkantzia %8,5 jaitsi da eta hori, siderurgi sektoreak Euskadin izan duen jarduera txikiagoaren adierazgarria baino ez da. Segmentu honetan azpimarratzekoa da Bilboko Portuko itsas-autobideen kontsolidazioa, salgaiak Erresuma Batura eta Belgikara daramatzaten kamioen trafikoan.
Salgaien multzoan, hazkunde nagusiak termino absolutuetan, gas naturalean (+2 milioi tona), gasoilen (+680.000 tona), metalikoak ez diren beste mineraletan (+101.000 tona), makina-erreminta eta ordezko piezetan (+71.000 tona), eta bioerregaietan (+59.000 tona) gertatu dira.
Erresuma Batua, merkatu nagusia eta brexita, aukera bat
Zama sikuko merkatu nagusiak, honako hauek dira: Erresuma Batua, Brasil, Herbehereak, Estatu Batuak eta Txina. Karga likidoari dagokionez, zerrendaren buruan Errusia, Estatu Batuak, Mexiko, Libia eta Norvegia daude.
Bilbok, Erresuma Batuarekin trafiko gehien daukan portu espainiarra izaten jarraitzen du, joan-etorrien %27a inguru metatuz.
2019an, Bilbao eta Erresuma Batuaren artean 3,4 miloi tona salgai garraiatu ziren. %59a esportazioei dagokie eta %41a inportazioei. Honako hauek nabarmentzen dira: ardoak, edariak eta alkoholak; produktu siderurgikoak; zementua eta klinkerra; burdin-txatarra; produktu kimikoak; eraikuntzarako materialak; edo elikagaiak, hala nola fruta eta barazki bezalako produktu galkorrak.
Dagoeneko, Bilboko Portua prest dago Europar Batasunak Erresuma Batuarekin lortzen duen edozein merkataritza akordiorako -bai eta akordio gabezirako ere- eta brexita gune honetarako aukera bihurtzeko.
Hartutako neurrien artean, erakunde publikoekin batera aduana, Mugako Kontrol Postua / Border Control Post eta beste entitate publiko batzuetako ordutegiak adostu dira; plataforma elektronikoaren prozedurak berraztertu dira; ferrien terminalaren funtzionamendua kontrol berriek izan ditzaketen beharrizanetara egokitu da; kamioien fluxu berriak berrikusi dira; behar izanez gero, kamioentzako disuasio-aparkalekuak ezarri dira; eta pertsonala indartzeko langile berriak kontratatzea onartu da.
Tasen jaitsiera lehiakorragoa den porturako
Negozio zifraren zenbatekoa 69,3 milioi eurora igo da, aurreko urtealdian 70,6 milioi eurokoa izan zen bitartean; horrek, %1,87ko murriztapena adierazten du. Jaitsiera hau, Portuko Agintaritzak, portu lehiakorragoa egiteko estrategiari jarraituz, 201ko uztailean Salgaiaren Tasari (T3) %10eko beherakada eta 2019ko maiatzean, lur eta ur-laminaren balorazio berria aplikatzen hasi zelako gertatu da. Neurri biek, Bilboko Portuko erabiltzaileek portu-tasetan urtean 3,8 milioi euro aurreztea ekarri dute eta Portuko Agintaritzak, bere 2018-2022 Plan Estrategikoan aurreikusitakoaren arabera, fakturazio txikiagoa izatea azaltzen dute.
Bestalde, sortutako baliabideak (Ebitda), 34,6 milioira heldu dira.
2019ko ekitaldian, Europako Inbertsio Bankuan 10 milioi euroko zorpetze gehigarria xedatu da, ekitaldi honetan amaitutako Bilboko Portuaren zabalkuntzaren Kai-mutur Zentralaren lehen fasea finantzatzeko. Banku zor-garbia 36,4 milioikoa da, 1,05 aldiz Ebitda. Beraz, enpresak zorpetze-profil ertain-baxua dauka, eta kaudimen-adierazle sendoak.
Era berean, Europako Batzordearen 7.173.000 euro kobratu dira, CEF 2015 Connecting Europe Facilities programaren bidez, Kai-mutur Zentralaren lehenengo faseko obrak finantzatzeko.