Hilabete honetatik aurrera, Bilboko Portuak azalera berria du trafikoak eta enpleguak, logistikoak nahiz industrialak, ekarriko dituzten enpresa-proiektu estrategiko berriak hartzeko. Portuko Agintaritzak amaitu berri du Kai-mutur nagusiaren lehen fasearen azaleraren zatirik handienaren urbanizazioa, eta, hala, beharren arabera partzelatu daitezkeen 203.000 metro karratu jartzen ditu enpresen eskura. Kai horrek, guztira, 1.120 metroko atrakatze-lerroa eta 362.000 metro koadro ditu.
Kai hau eraikitzeko 112 milioi euroko inbertsioa egin da, guztira. Proiektu hau Europako Batzordeak finantzatzeko aukeratu zuen, 2014ko “Connecting Europe Provy” deialdian. Finantziazio-akordioari jarraiki, Europako Batzordeak 20,9 milioi euro emango ditu, gastu hautagarrien % 20, alegia. Gainerakoa Portuko Agintaritzak berak ordaindu du.
200.000 metro karratu berri horiei beste 50.000 gehituko zaizkie, 2023aren hasieran, beste obra bat amaitu ondoren: AZ1 kaia handitzea, 27,4 milioi euro inguruko aurrekontuarekin. Ondoren, Kai-mutur nagusiaren bigarren fasearen eraikuntza etorriko da. Hasiera batean, 2024an egingo zaio aurre, baina ahalik eta gehien aurreratzen saiatuko da.
Kai berri horrek trenbide-azpiegitura izango du eta ontziak portuko sare
elektrikora konektatu ahal izango dira. Azken honi esker, ontzia portuan atrakatuta dagoen bitartean berotegi-efektuko gasak eta zaratak murriztuko dira, eta, hala, ontzien ingurumen-indizea hobetuko da. Hau da “Onshore Power Supply” deritzona, ontziei ontzietako bibrazioak eta motorren higadura murrizteko aukera ere ematen diena.