Portuko Agintaritzak Ezagutu portua programa duela hamar urte hasi zuenetik, adin guztietako 60.000 herritarren bisita jaso du Bilboko Portuak. Programa hau publiko ez-profesionalari eta ez-enpresarialari zuzenduta dago, modu lasai eta atseginean Atlantiko Kostaldeko Espainiako portu nagusiaren jarduera ezagutu nahi duenari, baita Santurtziko eta Zierbenako instalazio nagusietan mugitzen dituen trafikoak eta bere garrantzi ekonomikoa ere.
2014. urtetik aurrera portua bisitatu duten taldeen % 56 eskola-umeak dira eta % 28 heziketa-zikloetako eta unibertsitateetako ikasleak. Talde horiek astelehenetik ostiralera bisitatzen dute portua. Asteburuetan bisitak publiko orokorrarentzat erreserbatzen dira eta, kasu guztietan, autobusez egiten dira ikusten dutenaren berri ematen duen gida batek lagunduta.
Bisitak doakoak dira, eta aldez aurretik izena eman behar da www.bilbaoport.eus web orriaren bidez (esteka zuzena: https://www.bilbaoport.eus/eu/erantzukizun-sozial-korporatiboa-esk/ezagutu-portua/)
Autobus-bisita Santurtziko portuko gune zaharrenetik Zierbenan itsasoari irabazitako kai berrietara doa.
Nabarmentzekoak dira, besteak beste, edukiontzien, ibilgailu-salgaien edo dimentsioz kanporako terminalak – hala nola aerosorgailuen palak -, mota guztietako eta produktu galkorren biltegiak, kontrol fitosanitarioak egiteko laborategiak edo petrolio- eta gas-ontzi handiak porturatzen diren industriagunea, non Estatuko lehen itsas parke eolikoa kokatuta dagoen.