8 urtetik 14 urtera bitarteko ikasleentzako bisita-programa bati ekingo dio Portuak; programa horren bidez, urtero 2.500 ikasle etorriko dira portura
Portua inguruarekin lotzeko, Bilboko Portuko Agintaritzak EAEko ikasle guztientzako bisita didaktikoen programa bati ekingo dio urtarrilaren 20an, portuko jardueren historia nahiz gaur egungo errealitatearen berri emateko.
Bisitak —euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira— doakoak dira, eta 8 urtetik 14 urtera bitarteko ikasleentzat. Egunero egingo dira bisitak, astelehenetik ostiralera, eskola-egutegian, eta ordutegi malgua izango dute, ikastetxe bakoitzaren beharretara egokitzeko.
Portuko Agintaritzak aurreikusten du programa honek, “Ezagutu Portua” izena duenak, urtero 2.500 ikasle ekarriko dituela portura. Joan-etorriak errazago egiteko, Portuko Agintaritzak doako autobus bat jarriko die ikastetxeei portura joateko eta handik itzultzeko.
Ikasgelan lantzen dituzten gaitasunen programan sartuko da jarduera hau. Horrenbestez, ikasleek rol aktiboa izango dute, eta material ludiko-didaktikoa edukiko dute, portuari lotutako objektuak ere barne, irakasleekin batera lan egiteko bisitaren aurretik eta ondoren, kontzeptu eta ideia nagusiak indartzeko.
Arlo hauek landuko dituzte, besteak beste: historia eta geografia (Bilboko itsasadarraren eta portuaren historia), ontzi-motak (tipologia eta ontzien zatiak), itsas garraioa (garraiobideak, itsas zirkulazioa, lanbide historikoak eta gaur egungoak) eta energia eta ingurumena (energia berriztagarriak, neurketa-tresnak, ingurumen-neurriak).
Asier Atutxa Portuko Agintaritzako lehendakariarentzat, “Bilboko Portuak garrantzi ekonomiko eta sozial handia du, baina herritar askok ez dute ezagutzen. Hori dela eta, programa didaktiko honi ekin nahi diogu lehenengo Santurtziko eta Zierbenako ikasleekin —han egiten baitugu gure jarduera gehiena—, bai eta Euskadiko gainerako ikasleekin ere”.
Ekimen honekin bat egin nahi duten ikastetxeek mezu elektroniko bat bidali behar dute helbide honetara: ezagutuportua@bilbaoport.es.
Programa honen osagarri, bigarren fase bat ere izango da, udaberrian: asteburuetan, helduei zabalduko dizkie ateak Portuak.
Portuko jarduerak 9.000 enplegu mantentzen ditu, eta EAEko BPGaren % 1 eta Bizkaikoaren % 2 sortzen du. Portuko Agintaritzak sartzen duen euro bakoitzak gure autonomia-erkidegoko BPGan 10 € euro sortzen laguntzen du, merkantziak garraiatzeko jardueren ondorioz.