Bilboko Ingeniaritza Eskolako eta Deustuko Unibertsitateko enplegu-azoketan parte hartuko du Portuko Agintaritzak
Profesional gazteak lan-munduan sartzeko, gazteen talentua erakartzeko eta Bilboko Portuan lan egiten duen logistika- eta portu-sektoreko lan-errealitatea ezagutarazteko bere konpromisoarekin jarraituz, Portuko Agintaritzak Bizkaiko bi enplegu-azoka erreferentetan parte hartuko du aurki.
Hala, otsailaren 18an, asteartean, San Mames estadioan izango da, Bilboko Ingeniaritza Eskola / Escuela de Ingeniería de Bilbao (BIE/EIB) antolatutako Enplegu eta Enpresak Aurkezteko Jardunaldia – JEPE 2025 jardunaldian. Stand bat izango du han, eta, 9:30etik 14:30era, Bilboko Portuak eskaintzen duen lan-eskaintza zabala ezagutzeko interesa duten pertsona guztiei eskainiko die arreta.
Asteazkenean, otsailaren 26an, Deustuko Unibertsitateak antolatzen duen Enplegu eta Ekintzailetza Foroaren txanda izango da. 10:30etik 14:30era portu-sektore logistikoaren enplegurako askotariko proposamena aurkezteko stand bat izateaz gain, Bilboko Portuko Agintaritzako Garapen eta Jasangarritasuneko buru Itziar Sanchok ‘Bilboko Portua: garapen profesionalerako atea zabalik’ hitzaldia emango du 12:00etan, Mensajero aretoan.
Bilboko Portuak eta portu-sektore logistikoak gazteen talentuaren egungo eta etorkizuneko garapen profesionalerako eskaintzen dituzten aukerak ezagutarazteko etengabeko lana egiten du Portuko Agintaritzak.
Horretarako, zenbait ekintza egiten ditu, besteak beste, Enpresan Praktikak egiteko Programa, 30 urtetik beherako gazteak Portuko Agintaritzan lan-munduan has daitezen; edota beste ekimen batzuk, hala nola Industria Erronka, FVEM-Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioak sustatua; edo aipatutako Deustuko Unibertsitatearekin eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Ingeniaritza Eskolarekin dituenak.