Bilboko Portuak Getxon duen gurutzaontzien terminalak aurten 46 gurutzaontzi hartzea aurreikusten du. Bilboko Portuko Agintaritzako arduradunek positibotzat jo dute kopuru hori: “izan ere, egun bizi dugun egoera ekonomikoa txarra izan arren, 50 geldialdi inguruko kopuruari eutsiko diogu. Bidaiariak 55.000 inguru izango dira.
Aurtengo lehen gurutzaontzia Le Boreal izango da, C. Isle du Ponant konpainiarena, eta apirilaren 28an porturatuko da. Denboraldia Adventure of the Seas gurutzaontziak, RCCL ontzi-enpresarenak, itxiko du, azaroaren 1ean.
Bilboko Portuarentzat kanpaina honetan gehien nabarmentzekoa da hiru konpainiak aurten ere Bilbo aukeratu dutela ontziratze-portu gisa, eta, hala, aurreko porturatze-kopuru berari eutsiko zaio. “Ontziratze-portu izateak esan nahi du gau gehiago igaroko dituztela eta gehiago kontsumituko dutela hoteletan, jatetxeetan, tabernetan, saltokietan eta abarretan; hau da, aberastasun gehiago gure guneko ekonomiarentzat” adierazten dute.
Hauek dira ontziratuko diren hiru konpainiak:
– MSC cruceros: MSC Opera gurutzaontziaren zortzi geldialdi.
– Pullmantur: Empress gurutzaontziaren bi geldialdi.
– Iberocruceros: Grand Mistralen bi geldialdi.
Horrez gainera, 2013an, 2012an porturatu ziren konpainia berek Bilboko Portuaren alde egin dute berriro, denbora gutxian Bilboko Portuak —bere ekipamenduagatik eta zerbitzuagatik, eta Euskadik gero eta erakarmen handiagoa duelako—, lortu duen leialtzearen adierazgarri.
MSC cruceros , Pullmantur eta Iberocruceros enpresen gurutzaontziez gainera, hauek ere behin baino gehiagotan etorriko dira Bilboko Portura: Oceania, aurten hamargarren urteurrena du, eta bost geldialdi programatu ditu; Hapag Lloyd, lau geldialdi egingo ditu; Sea Cloud, bi geldialdi egingo ditu; Fred Olsen, hiru geldialdi egingo ditu; Saga Shipping, bi geldialdi egingo ditu; eta M/V Celebrity Constellation, Celebrity Cruises ontzi-enpresarena, lau aldiz etorriko da, eta lauretan gaua bertan pasatuko du.
Gainera, luxuzko beste konpainia batzuek ere egingo dute geldialdia; adibidez, Azamara-k, Chrystal-ek eta Princess-ek.
Miamiko azoka
Bilboko Portuko Agintaritzako ordezkariek, Bilbao Turismorekin batera, CRUISE SHIPPING MIAMI ferian —munduko gurutzaontzi-azokarik garrantzitsuena— parte hartu dute duela gutxi.
Portuko Agintzaritzak bilerak egin ditu armadore nagusiekin, eta esan diete Bilbok, eta Euskadik oro har, interes handia pizten dutela gure mugetatik kanpo, eta interes hori urtez urte handituz doala. Azokan aurtengo geldialdi gehienak berretsi dituzte, eta, izan dituzten harremanen ondoren, adierazi dute 2014an % 5 haztea espero dutela eta dagoeneko porturatze batzuk ere lotu dituztela 2015erako.
Kai berria
Bilboko Portuko Agintaritzak bigarren gurutzaontzi-kai bat eraikiko du, eta, hala, 2014an, hiru atrakaleku izango ditu biren ordez.
Kai berria lehendik dagoenarekiko paralelo egongo da. Lehorrean, 27.400 m2 hartuko ditu, 76 m zabal izango da, eta 355 m luzeko atrakatze-lerroa eta 12 metroko zingoa izango ditu. Inbertsioa 13,8 milioi eurokoa izango da.