Mundu osoko ikasleek beren sormena garraioaren zerbitzura jarriko dute lehiaketa zientifiko-teknologiko honen edizio berri honetan
Bilbao PortLabek, Bilboko Portua ekosistema berritzaile batean kokatzeko Portuko Agintaritzaren ekimenak, First Lego League Euskadi hezkuntza-programan parte hartzen du berriro ere. Aurtengo edizioak mundu osoko 560.000 ikasleri baino gehiagori proposatzen die ondasunen eta salgaien garraioak gaur egun dituen erronkei konponbide berritzailea bilatzea. Erronka horri aurre egiteko, ikasleek teknologia, dibertsioa eta talde-lana aplikatu beharko dituzte.
Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan, Bilbao PortLabek on line trebakuntza-saio bat egingo du urtarrilaren 25ean, eta bertan, Euskadiko bost ikastetxetako ikasleek parte hartuko dute. Saioaren helburua taldeak inspiratzea da, garraioaren eta logistikaren arloan proiektu berritzaileak eta kalitatekoak garatu ditzaten; baita ikasleei Bilboko Portuan lan egiten duten ikertzaileen, zientzialarien eta teknologoen lana hurbiltzea ere. Ikasketa teknikoak egitea erabakitzen badute, zer lanbide izan ditzaketen erakustea da xedea.
2021 – 2022 First Lego League Euskadiri buruz
Deustuko Unibertsitatearen, Donostiako Sustapenaren eta Mondragon Unibertsitatearen laguntzaz Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatuta, Euskadiko 13. First Lego League lehiaketaren helburua da ikasleengan ikasketa zientifiko-teknologikoekiko interesa piztea; eta, ondorioz, zientziara, arazoen konponbidera eta berrikuntzara hurbiltzea. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Arabako Foru Aldundiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izateaz gain, 13 erakunde, enpresa, zentro teknologiko eta euskal unibetsitaterena ere badu; horien artean, Bilbao PortLab. Horiek guztiek ikastetxeei prestakuntza-tailerrak eskainiko dizkiete.
Finala martxoaren 5ean, larunbata, izango duen First Lego League Euskadiren hamahirugarren edizio honetan, EAEko 43 ikastetxek hartuko dute parte, 6 eta 16 urte bitarteko ikasleek osatutako 115 taldetan banatuta.
Bilbao PortLab-i buruz
Bilbao PortLab Bilboko Portuko Agintaritzak bultzatuta eta Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioan integratutako berrikuntza- eta ikerketa-hub bat da, eta Bilboko Portuan berrikuntza-ekosistema bat sortzea du helburu. Horretarako, portu-enpresekin lan egiten du barruan sor daitezkeen proiektu berritzaileetan, edo kanpoko proiektu berritzaileak erakartzen ditu. Era berean, parte hartzera eta aurkezten ari diren edo etorkizunean aurkez daitezkeen berrikuntza-planetarako finantziazio-aukerak aprobetxatzera gonbidatzen ditu enpresak.
Haren datu-basean 200 enpresa berritzaile inguru daude dagoeneko, eta Ports 4.0, Hazitek eta beste laguntza batzuen bidez jasotako finantzazioari esker, haien teknologiak Bilboko Portuan probatuko dituzten 14 proiektu baino gehiago babestu edo bideratu ditu.
Aholku-batzorde bat du, honako hauek osatua: Bilboko Portuko Agintaritza, Estatuko Portuen Erakundeko ordezkariak, SPRI, Bizkaiko Foru Aldundia, BEAZ, Seed Capital Bizkaia, UniportBilbao, Euskal Herriko Itsas Foroa, Mugikortasun eta Logistika Klusterra, Tecnalia, Innobasque, Orkestra eta hiru unibertsitate: Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea.